- Ahalduntzeari buruzko prestakuntza jasoko dute hiru egunez Emakunderen bitartez Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan
- Mota honetako lehen topaketa Tindufeko kanpamentuetan egin zen 2022ko abenduan
Euskal Fondoak eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak (Emakunde, eLankidetza eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen Zuzendaritzaren bitartez) bultzatutako emakumeen ahalduntze politikorako programa baten barruan, Euskadi bisitatzen ari dira egunotan kargu politiko eta sozial ezberdinak dituzten hainbat emakume saharar. EAEko eta Saharako erakundeen arteko lankidetza-ekimen ugarietako bat da, eta 2022ko abenduan egindako jardueran du aurrekaria; izan ere, euskal emakume talde batek (besteak beste, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak eta Monica Hernando Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendariak) Tindufeko (Aljeria) saharar errefuxiatuen kanpamentuak bisitatu zituen, ahalduntze politikoari buruzko tailer batzuetan parte hartzeko. Tailer horiei esker, berdintasunaren eta ahalduntzearen arloko loturak are gehiago estutu ziren, eta bigarren topaketa hau.
Ordezkaritza osatzen duten guztiek kargu garrantzitsuak dituzte Saharako erakunde eta egitura politikoetan, besteak beste, Fatma Mehdi, lankidetza-ministroa; Chabba Sini, Saharako Emakumeen Batasuneko (UNMS) idazkari nagusia; Siniya Ahmed Elkhalile, Afrikako Parlamentuko kidea; eta Abida Hadia Ali, Saharako Parlamentuko diputatua. Nabarmentzekoa da Saharako erakundeek emakumeen ordezkaritzari dagokionez ehuneko onenetako batzuk dituztela gaur egun: emakumeen % 42 Legebiltzarrean, eta wilaiatarren gobernadoreetatik, 5etik 3 dira emakume.
Elgarrestak nabarmendu duenez, «gure herrialdean urrats garrantzitsuak ematen ari dira emakumeen parte-hartze politikoan, emakumeak zerrendaburu izanik eta inoiz emakume bat heldu ez den zenbait karguetara iritsiz». Pozik agertu da horrekin, baina gogorarazi du «emakumeek oraindik oztopoak» dituztela, «ez bakarrik erantzukizuneko postuak lortzeko, baita postu horietan mantentzeko ere». Ildo horretan, nabarmendu duenez, «emakumeen ahalduntzea funtsezko pieza da, zalantzarik gabe, berdintasuna eta gizarte justuagoa eta demokratikoagoa, garatuagoa eta bizigarriagoa eraikitzeko».
Ordezkaritza, era berean, Basqueskolako ordezkariekin bildu da, Emakundek eta EUDELek bultzatutako emakumezko alkateen eta zinegotzien euskal sareko ordezkariekin, eta eguerdian Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak egingo die harrera. Bihar Emakunde bisitatuko dute, Miren Elgarresta zuzendariaren eskutik, eta asteazkenean, ekainak 12, Donostian izango da ordezkaritza, El derecho a resistir txostenaren aurkezpenean. Aminetu Haidar eta Mina Baali ekintzaile saharar ezagunek aurkeztuko dute txostena San Telmo Museoan arratsaldeko 19: 00etan.
Hiru eguneko prestakuntza amaitu ondoren, uztailaren 13an, ordezkaritzak Bilbo bisitatuko du, eta bertan harrera egingo diote udaletxean, eta topaketa batzuk egingo ditu Sahararen aldeko elkartasun-mugimenduko elkarteekin.
Uztailaren 14tik aurrera, emakumeen taldeak eLankidetza bisitatuko du, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia, egindako ahalduntze-programari buruz dituzten iritziak eta balorazioak jasotzeko eta berdintasunaren arloan lankidetzan jarraitzeko ildoak zehazteko.