- Deialdiak diru-laguntzak jasotzen ditu itunpeko ikastetxeentzat, beren irakasleak birkolokatu ditzaten, ikasgelak murriztu daitezkeela aurreikusita, edo irakasle-plantillak gaztetu ditzaten errelebo-kontratuen bidez.
Hezkuntza sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak Agindu bat onartu du gaurko bileran. Agindu horren bidez, itunpeko ikastetxeei laguntzak emateko deialdia egiten da, enplegua mantentzeko eta irakasle-plantillak gaztetzeko akordioen esparruan, datozen urteetarako aurreikusten den demografia-beherakadaren aurrean. Deialdi honek 13.826.073 euroko diru-kopurua du diru-laguntza horietarako.
Honako hauek dira deialdi honen ardatz nagusiak:
- Batetik, irakasleen enpleguari eustea: ikasgela-kopurua murriztearen ondorioz lanpostua gal dezaketen irakasleen birkokapena bermatzea.
- Bestetik, irakasleen belaunaldi-erreleboa erraztea, irakasle zaharrenen erretiroa eta irakasle gazteenak lanbidera sartzea erraztuz: erretiro partziala eta errelebo-kontratua, Administrazioaren laguntzarekin.
Beraz, laguntza hauen onuradun izan daitezke 2022-2023 ikasturterako hezkuntza-ituna duten EAEko ikastetxe pribatuak. Ikastetxe itxierak ez dira deialdi honen xedetzat hartzen.