Zitek UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko ekintzailetzari laguntzeko programari esker sortu ahal izan da Lup, unibertsitate-komunitateko kide izanik negozio edo enpresa bat sortu nahi duten pertsona guztiei zuzenduta dago Zitek. “Proiektua hasi genuenetik oso babestuta sentitu gara. Bidelagunak izan dira, eta baliabideak, lanerako espazio bat, aholkularitza, kontaktuak eta Lup aurrera ateratzeko era guztietako erraztasunak eman dizkigute. Zalantzarik gabe, ekintzaileei gomendatzen diet Zitek ekosisteman parte hartzea“, adierazi du Eneko Calvok, UPV/EHUko Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Ingeniaritza Informatikoan graduatuak.
LUPen indargunea da irakurketa erraztuko diela adineko pertsonei, dislexia duten haurrei eta ikusmenean galerak izan dituzten pazienteei; horrela, autonomia izango dute edozein testu motari aurre egiteko eta eguneroko jarduerak egiteko. Gailu teknologikoak ezagutzen ez dituztenentzat diseinatutako poltsiko adimentsuko lupa bat da; izan ere, klik bakar batean testu bat bi segundotan baino gutxiagotan ahotsean eraldatzea lortzen du eta 30 hizkuntzatara baino gehiagotara itzultzea ahalbidetuko du. Lupa ekoizpen-fasean dago eta erreserba-zerrenda irekita dago. Aurreikuspenen arabera, datorren irailean jarriko da salgai.
Horri erabiltzaileari irakurketa errazten dion aplikazio mugikor bat gehitu behar zaio. Hala ere, logopedak, oftalmologoak eta optometristak bezalako adituek pazienteen tratamenduaren osagarri gisa erabil dezaten ere egokituta dago. Erraz integra daiteke edozein egoitza, ikastetxe edo eguneko zentrotan, eta erabilgarri dago Android eta iOSentzat.
Jatorria
Ideia nagusia Uxue Mancisidorrek eta Apurva San Juanek sortu zuten. Horiek produktu teknologiko erabilgarri bat sortzea planteatu zuten, ikuspegi konputazionaletik eta adimen artifizialetik abiatuta. LinkedInen bidez, Eneko Calvorekin jarri ziren harremanetan, UPV/EHUn Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Ingeniaritza Informatikoan graduatua, eta softwarearen diseinuan eta garapenean trebatua. “LUP sortu genuenean 3. maila egiten ari nintzen oraindik, eta zuzendari teknikoaren rola hartu nuen”, azaldu du Calvok. Ordutik, hirurek hasi zuten jada errealitate den bide bat: LUPen serieko ekoizpena, Espainiako edozein pertsonarengana iristeko, denbora gutxian nazioarteko jauzia egiteko asmoz.
Taldearen etorkizunari eta bere proiektuari dagokionez, argi dute: “Gaur egun, ikerketan eta irtenbide berrien garapenean inbertitzen dugu, eta horretan jarraitu nahi dugu, baina baita gaur egungoak hobetzen ere. Gainera, LUP klinika, egoitza, ikastetxe, eguneko zentro eta abar gehienetara iristea nahi dugu, laburbilduz, irakurtzea oztopo den lekuetara. Eta, azkenik, LUPen nazioartekoratzea, munduan zehar gure konponbideak egokitu nahi ditugulako”.
Zitek
UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko ekintzailetza babesteko programa da, unibertsitate-komunitateko kidea izanik, negozio edo enpresa bat sortu nahi duten pertsona guztiei zuzenduta dagoena. UPV/EHUk, Bizkaiko Foru Aldundiak eta BEAZek aktiboki parte hartzen duten lankidetza-proiektua da ZITEK. Programa honek 22 urte daramatza martxan eta 135 enpresa sortzen lagundu du.