Abegi Etxea familiei harrera egiteko egokituta egongo da 2024aren hasieran

Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako beste gai batzuk: Ikastetxeetako patioak, Osasun Hiria, Moriana plaza

Donostiako Udalak onartu du Unebide Obras y Contratas SLri esleitzea Abegi Etxea gizarte harrerako zentroaren eranskina eraberritzeko proiektua gauzatzeko obren kontratua. Kontratu horrek 6 hilabeteko egikaritze epea du, eta 232.631 euroko aurrekontua.

Proiektu honi esker, instalazio horiek erabili behar dituzten familia osoek beren bizitza garatu ahal izango dute aldi baterako harreran, esparrurik intimoena familia nukleoko kide ez diren pertsonekin partekatu gabe.

Proiektuan aurreikusten da eranskina delako eraikina berritzea 3 familia logela independiente egiteko – horietako bat egokituta –, hain zuzen ere, komun propioa izango duten logelak. Era berean, arropa garbitzeko eremu partekatua izango dute.

Logela bakoitzak sarrera propioa izango du eraikinaren mendebaldetik, eta gainera, eraikinak eremu bat izango du haur jokoetarako zein egonaldirako.

Gaur egun, Abegi Etxearen eranskinak 3 logela ditu literekin, gune komun bat sukalde-jantokiarekin, 2 bainu gela, dutxa bat eta erabiltzaileen ekipajea gordetzeko kontsigna bat. Hortaz, proiektu berriari esker, egoera zaurgarri ezberdinak bizi dituzten familien egonaldia erraztu nahi da.

Ikastetxeetako patioak

Tokiko Gobernu Batzarrak lau ikastetxetan patio inklusiboak ezartzeko eraldaketa obrak kontratatzeko espedientea onartu du. Eraikin horietarako patio inklusiboko proiektu bat diseinatu ahal izan da, eskola komunitateak irakasleekin eta familiekin partaidetza prozesu bat egin ondoren. Lizitazio aurrekontua 387.164 eurokoa da.

Hauek dira proiektuak:

• Ibai Ikastola HLHI (96.794 euro)
• Aiete HLHI (96.791 euro)
• CEI Zuhaizti Ategorrieta (96.790 euro)
• CEI Amara Berri Urbieta (96.787 euro)

Osasun Hiria
Tokiko Gobernu Batzarrak hasiera bateko onarpena eman dio Hiri Sanitarioaren Xehetasun Azterketari. Lan hau Osakidetzak azterketa honen eremuan garatzen diren eraikin berriak eraikitzeko duen beharretik dator. Adierazitakoaren arabera, xehetasun azterketa honetako proposamen multzoaren helburua da eraginpeko lurzatietan eraikin berriak eraikitzeko eta ezartzeko hirigintza baldintza egokiak zehaztea, haien ezaugarri nahiz baldintzatzaileetara egokituta, bai eta lehendik dauden eta garatuko diren eraikinen arteko sestra gaineko eta sestrapeko loturak garatzea ere.

Moriana plaza
Tokiko Gobernu Batzarrak Donostiako Añorga auzoan dagoen plaza bati Moriana Plaza izena ematea onartu du, udalaren ekimenez. Plaza hori Atotxaerrekako bidearen eta Zelaiarte kalearen artean dago, eta desagertutako baserri zahar bati zor dio izena.