‘Oroimenaren bidea’ bisitaldi antzeztuetan izena emateko epea zabalik

Iraileko larunbatetan eta urriko lehen igandean izango dira, aldez aurretik izena emanda, eta doakoak izango dira

Aurten ere, Donostiako Udaleko Giza Eskubideen bulegoak berriro martxan jartzen du programa hau, matxinada militar frankistan gure hirian gertaturikoa gertutik ezagutarazteko asmoz.

Gerra zibilaren hondamendiak zuzenean edo zeharka sufritu zituzten pertsona guztiei egindako omenaldi bat dira bisitak, eta gure historiaren kapitulu triste baten protagonista izan ziren lekuak eta pertsonaiak gogoan izaten lagunduko digu.

Bi antzezleek garai hartan donostiarrek bizi izandako uneak kontatuko eta antzeztuko dizkigute; 1936ko uztailaren 18tik, Errepublikaren aurkako matxinada militarraren egunetik, Donostia frankisten eskuetan erori arte.

Ibilbide dramatizatuari buruzko informazioa

Doako ibilbidea da, Easo plazako kioskoan hasiko da, eta, ondoren, San Jose ikastetxea, Askatasunaren hiribidea, Maria Kristina hotelaren inguruak bisitatu ostean eta Zurriolako zubiaren inguruan amaituko da.

  • Bisitak egingo dira irailaren 2, 9 eta 16ko larunbatetan, eta urriaren 1ko, igandean.
  • Egunean bi saio, bata eguerdiko 12:00etan eta bestea arratsaldeko 18:00etan:
  • irailaren 9an eta 16an, euskaraz, eta irailaren 2an eta urriaren 1ean, gaztelaniaz.
  • Irteera Easo plazako kioskoan izango da, eta 1h eta 30′ iraungo da. Emanaldiko 20 pertsonako taldea osatuko da, gehienez, eta aldez aurretik nahitaez izena eman behar da.
  • Izena web orri honetan eman beharra dago: www.komazk.com/erreserbak