Indarkeria matxista: ekintza koordinatuko protokoloa

2023ko urtarrilaren 19an, Lehendakaritzan EAEn emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimei ematen zaien arreta koordinatzeko erakundeen arteko III. akordioa izenpetu zen. Apirilean, artikulu bat idatzi genuen blog honetan, dokumentu hori hizpide hartuta: kontzeptuetan izandako zenbait aldaketa garrantzitsu nabarmendu genituen eta Ekintza Koordinatuko Protokoloa argitaratzeko zain geratu ginen.

Orain dela gutxi, printzipio gidariak eta Ekintza Koordinatuko Protokoloa argitaratu dira. Akordioan adierazten denez, biktimei arreta ematen dieten arlo guztietako profesionalei helarazi behar zaie protokoloa.

Gure kasuan, ezinbestekoa da osasun-arretako jarraibideen berri izatea, baina asistentzia ez da hor amaitzen eta emakumeak kontzientzia hartzen, ekimena izaten eta indarkeriatik ateratzen lagunduko dioten baliabideei buruzko informazioa jaso behar du. Kontua ez da bere partez erabakiak hartzea; aitzitik, bere errealitatearekin bat, bere bidean lagun egitea eta hura erraztea da.

Joan den ekainaren 2an, III. Akordioaren Jarraipen Batzordeak bilera egin zuen, maiatzean Orion eta Gasteizen izandako hilketa matxisten ondoren, gertatutakoa aztertzeko, indarrean diren jarduketak eta protokoloak berrikusi eta hobetzeko puntuak bilatzeko.

Atxikita dago III. Akordioaren dokumentu osoa; osorik irakurtzea gomendatzen dugu. Eranskinean, printzipio gidariak eta Ekintza Koordinatuko Protokoloa agertzen dira. 2.5.2 puntuan (Osasunaren arloko jarduketa- eta koordinazio-jarraibide orokorrak) osasun-asistentziaren maila ezberdinetatik egin beharreko jarduketak garatzen dira (41. orritik 48.era bitartean).

Dokumentuaren sarbidea

«Generoa eta osasuna» taldearen artikulua, 2023ko abuztua