Urtarriletik uztailera bitarteko turismoaren behin betiko datuen arabera, indartu egin da desestazionalizaziorako joera

  • Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Euskadin urteko lehen 7 hilabeteetan izan den turisten sarrerari buruzko balorazioa egin du gaur, 2030eko Turismo eta Merkataritza Plan Estrategikoa azaltzeko egin duen agerraldian.

 

Gobernu Kontseiluak 2030eko Turismo Plan Estrategikoa onartu ondoren, Javier Hurtado sailburuak agerraldia egin du gaur, eta aukera baliatu du urteko lehen 7 hilabeteetako turismoaren behin betiko datuak aztertzeko, kanpinei eta aterpetxeei buruzko azken zifrak argitaratu ondoren. Urtarriletik uztailera bitarteko turisten sarrerak % 11,3 egin du gora 2022koa aldi berarekin alderatua; alabaina, sailburuak zehaztu duenez, kopurua bera baino positiboagoa da, “hazten ari garen modua”.

Lehenik eta behin, desestazionalizaziorako joera berresten da, eta horixe izan da, hain zuzen ere, “gure lanaren lehentasunetako bat. Izatez, uztailean -% 0,21 behera egin duen arren, urtarriletik ekainera bitarteko hazkundea, hau da, udako aldiaz eta goi-denboraldiaz kanpoko hazkundea % 15ekoa izan da”.

Bigarren, nazioarteko merkatua berreskuratu dugu. Pandemiaren eraginpean egon zen nazioarteko turisten etorrerak % 19 gora egin du, eta nazio barruko turistena % 5,7. “Hori dela eta, gure sustapen-ahaleginak nazioarteko turismoan eta, batez ere, distantzia luzeko turismoan zentratzen ditugu, eragin positiboa baitute desestazionalizazioan, egonaldia luzatzeko garaian eta gastua handitzeko garaian”.

Hirugarren, aditzera eman behar da hazkunde hori lurralde osoan zehar banatu dela. 3 hiriburuetan ez ezik, hain turistikoak ez diren beste eremu batzuetan ere hazi da turismoa, “hala nola, Bizkaiaren barrualdean, % 17ko hazkundearekin, eta Gipuzkoaren barrualdean, % 8ko hazkundearekin, bi adibide jartzeagatik”.

“Laburbilduta, datu positibo horiek berresten dute Euskadin turismoa desestazionalizaziorantz jotzen ari dela eta turismo-fluxuetan mugimenduak gertatzen ari direla. Gainera, gure turismo-sektorearen sendotasuna eta lana islatzen dute. Aintzat hartu behar dugu, une korapilatsuetan, turismoaren industria euskal ekonomiarako garrantzizko motor ekonomiko izaten ari dela” adierazi du sailburuak.