Adrián Bozal-Leorri UPV/EHUko doktorea, AgroBank Katedra Saria Tesi Onenari

Bozal-Leorriren tesia ‘Nitrification control in the framework of sustainable agriculture: the use of synthetic and biological nitrification inhibitors with ammonium-based fertilizers’ da. Lanak berresten du nitrifikazioa inhibitzaile sintetiko edo biologikoen bidez kontrolatzeak «nekazaritza iraunkorra lortzea ahalbidetzen duela», ingurumenerako nitrogeno erreaktiboaren galerak murrizten baititu, amoniako-oinarria duten ongarriak erabiltzearen ondorioz.

AgroBank Katedrak balioa ematen dio nekazaritzako elikagaien sektoreari buruzko doktore-tesia egin dutenen talentuari, eta, aldi berean, haien ibilbide profesionala bultzatzen laguntzen du. Saria 5.000 eurokoa da eta akzesita 1.000 eurokoa.

Cozzarelli saria jaso zuen 2021ean

Ez da lehen aldia Adrián Bozal-Leorrik, UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia Saileko doktoreak, errekonozimenduren bat jasotzen duela bere lanagatik, UPV/EHUk berak emandako 2021/2022ko Doktorego Sari Berezia lortu baitu. Gainera, CIMMYTeko (Mexikoko Artoa eta Garia Hobetzeko Nazioarteko Zentroa), JIRCASeko (Japan International Research Center for Agricultural Sciences) eta Nihon Unibertsitateko (Japonia) ikerketa-taldeekin egindako elkarlanaren ondorioz, PNAS aldizkari ospetsuak ematen duen Cozzarelli saria jaso zuen 2021ean, «Enlisting wild grass genes to combat nitrification in wheat farming: A nature-based solution» lanarengatik.

Oraintxe bertan, Margarita Salas doktoratu ondoko ikertzailea da Bozal-Leorri. Bere tesia defendatu zuen 2022ko apirilaren 1ean, Bikain Cum Laude kalifikazioarekin. Oraingoz, 10 artikulu argitaratu ditu, eta horietatik 6tan lehen egilea da (denak Q1 aldizkarietan).

Nekazaritzako elikagaien arloan kalitatea eta berrikuntza bultzatzea

2016an sortu zen Lleidako Unibertsitateko AgroBank Kalitate eta Berrikuntza Katedra nekazaritzako elikagaien sektorean, eta honako helburu nagusi hauek ditu: nekazaritzako elikagaien arloan garatzen ari den bikaintasunaren bilaketa aitortzea, ikertzaileen, sektoreko profesionalen eta finantza-erakundeko bezeroen artean ezagutza zientifiko eta teknikoaren transferentzia sustatzea, eta nekazaritzako elikagaien arloan kalitatea eta berrikuntza bultzatzea.

Aurtengo edizioan 72 hautagaitza jaso dira sarirako, iaz erregistratutako 62en gainetik. Hautagai guztien % 52,8 emakumeek aurkeztu dute, eta % 47,2 gizonek. 14 autonomia-erkidegotan bizi diren doktoreek parte hartu dute.