Eusko Jaurlaritzak 16,8 milioiko laguntzak deitu ditu arrantzaren eta akuikulturaren sektoreko teknologia, energia eta belaunaldien trantsiziorako

Laguntza hauen helburua garapen teknologikoan, eraginkortasun energetikoan eta sektorearen gaztetzean oinarritutako sektore iraunkor eta berritzailea sustatzea da.

2023ko deialdiak 16,8 milioi euroko aurrekontu-zuzkidura du, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Itsas Funtsarekin batera finantzatuta.

Agindu horren bidez, 2023- 2029 programazio-aldi berriari hasiera eman zaio, Europako egiturazko funtsetako bati dagokionez (AAEIF euskaraz, EMFAF ingelesez, FEMPA gazteleraz), Euskadiko arrantza- eta akuikultura-sektorearen garapen iraunkorrerakoa hain zuzen ere.