- Nazioartean unibertsitate honek balorazio erreferentziala du eta lorpen hori eredu zehatz batean eta lau gakotan oinarritzen da, 2023-2026 Euskal Unibertsitate Sistemaren Planarekin bat egiten dutenak
- 46.000 ikaslerekin eta eskaintza akademiko zabal batekin hasi da 2023-2024 ikasturtea UPV/EHUn
Iñigo Urkullu lehendakariak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera, UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen 2023-2024 ikasturteari hasiera eman dio Arabako Campusean egindako ekitaldian. Era berean, ekitaldian izan dira Olatz Garamendi, Gotzone Sagardui eta Javier Hurtado sailburuak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Denis Itxaso Gobernuaren ordezkaria.
Joan den ikasturteko memoriaren irakurketarekin hasi da jarduna, eta, ondoren, irekitze-hitzaldia irakurri da Leire Urkidi Geografiako irakaslearen eta Ivan Igartua Eslaviar Filologiako katedradunaren eskutik. Ondoren, Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak hartu du hitza eta Lehendakariaren hitzaldiarekin amaitu da ekitaldia.
Lehendakariak, beste behin, Unibertsitateak nazioartean euskal gizarteari egindako ekarpena goraipatu du. “Aurten ere, gure Unibertsitateak balorazio erreferentziala lortu du Shangaiko rankingean, munduko 500 onenen artean kokatuz. 10 urtez egungo testuinguru lehiakorrean protagonista eta erreferente izatea unibertsitatearen bikaintasunaren, lan onaren eta eredugarritasunaren ondorio zuzena da” adierazi du.
Urkulluk adierazi duenez, lorpen hori egungo eta etorkizuneko ibilbide eta eredu batean eta lau gako nagusitan oinarritzen da: trebakuntza, lankidetza, nazioartekotzea eta eragina. Hain zuzen ere, lau gako horiek 2023-2026 Euskal Unibertsitate Sistemaren Planean garatu dira. Plan hori Jaurlaritzaren eta unibertsitateen arteko elkarrizketarako eta akordiorako esparrua da, arreta berezia jarriz unibertsitate publikoan.
Eusko Jaurlaritzaren eta UPV/EHUren arteko lankidetza eta akordioa, naturala izateaz gain, eraginkorra izan da Lehendakariaren esanetan. Eusko Jaurlaritzak, gainera, azken 9 urteetan unibertsitate publikoaren oinarrizko finantzaketa handitu du eta 2023-2026 aldirako 1.570 milioi euro aurreikusi dira. “Hortaz, ekarpena %30 handitu da 2015-2019 Unibertsitate Planarekin alderatuta” gehitu du.
Lehendakariak bereziki eskertu du unibertsitatearen lana Osasunaren eta Hezkuntzaren arloetan. “Zalantzarik gabe, gure politikaren ardatz nagusietako bi. Gure konpromisoa irmoa da, eta unibertsitatearekin lanean ari gara gizartearen beharrei erantzuteko” azpimarratu du. Osasunaren arloan, Basurtuko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea da horren lekuko eta hezkuntzako arloan Ikerketa-Berrikuntza programa berria adostu eta abian jarri da datozen lau urtetan unibertsitatearen ikerketa euskal hezkuntza sistema osora zabaltzeko helburuarekin, zientzian eta bikaintasunezko ikerketan oinarritutako berrikuntzak landuz eta proposatuz. “Gure gizartearen erronkei erantzuteko euskal unibertsitateekin zein agenteekin adostutako politika eraginkorrak ezartzeko dugun gaitasuna erakutsi dugu. Euskal Unibertsitate Sistema osatzen dugunok elkarrekin gaude eta elkarrekin egin nahi dugu aurrera, gazteei eta gizarteari eskaintzen diogun zerbitzua hobetzen jarraitzeko” gaineratu du.
46.000 ikasle eta 107 gradu
Aurten, euskal unibertsitate publikoan, 35.000 ikasle inguruk egingo dituzte gradu ikasketak, eta beste 11.000 ikaslek, graduondokoak eta etengabeko prestakuntzakoak.
UPV/EHUren graduko ikasketa eskaintza zabalari, bi titulu batu zaizkio: Biomedical Engineering, osorik ingelesez emango dena Bilboko Ingeniaritza Eskolan, eta Lehen Hezkuntza + Haur Hezkuntza gradu bikoitza, hezkuntzaren alorreko lehenengoa, Gipuzkoako Campuseko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean emango dena. Guztira, 107 titulu eskainiko dira, jakintza arlo guztietakoak, alor ugaritan -ohikoak nahiz berriak- trebatzeko ikasleak.
UPV/EHUk, ikasturte honetan, 100 unibertsitate master baino gehiago eta 70 doktorego programa inguru eskainiko ditu, eta sei nobedade izango dira, graduondoko ikasketen katalogo zabala osatzen jarraitzeko.