- Ekimenaren helburua da hizkuntza ikuspegitik idazketa desegokiak eragin lezakeen segurtasun juridikorik eza saihestea
- Eragindako legeak honako hauek dira: Euskadiko Ereserki Ofiziala, EAEko Erakundeen Egoitza, IVAPen araubide juridikoa, Euskal Eskola Publikoa, EAEko Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoak eta Mondragon Unibertsitatearen aintzatespenari buruzkoak
- Olatz Garamendi sailburuaren ustez, ekimena garrantzitsua da euskararen erabilerarako ere; izan ere, erabilerari buruz eztabaidatzen ari diren beste instantzia batzuetan ez bezala, «hemen lanean ari gara, ez soilik erabileran, baita bere eguneratzean eta modernizazioan ere»
Eusko Legebiltzarrak sei legeren euskarazko bertsioa eguneratzeko eta harmonizatzeko beharrezkoak diren legegintzako dekretuak onartu ditu gaur, lege horien bi hizkuntza bertsioen (euskara eta gaztelania) baliokidetasuna bermatuta gera dadin. Ekimenak babes zabala izan du Legebiltzarrean eta ez du aurkako bozkarik jaso, eta irakurketa bakarreko prozeduraren bidez izapidetu da.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendik neurri horren garrantzia azpimarratu du; izan ere, hizkuntza eguneratze horiei esker, «saihestu egiten dira hizkuntzaren ikuspuntutik idazketa desegoki batek sor ditzakeen arazoak segurtasun juridiko ezaren aldetik».
Euskarazko bertsioetan eguneratze txikiak eskatzen dituzten sei legeak 80ko eta 90eko hamarkadetakoak dira. Honako hauek dira:
– 1/1980 Legea, maiatzaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakundeen Egoitzari buruzkoa.
– 16/1983 Legea, uztailaren 27koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) Araubide Juridikoari buruzkoa.
– 8/1983 Legea, apirilaren 14koa, Euskadiko Ereserki Ofizialari buruzkoa.
– 1/1993 Legea, otsailaren 19koa, Euskal Eskola Publikoari buruzkoa.
– 2/1993 Legea, otsailaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatez kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoei buruzkoa.
– 4/1997 Legea, maiatzaren 30ekoa, Mondragon Unibertsitatea aintzatesteari buruzkoa.
Lege horiek onartu zirenetik, euskara tekniko eta juridikoak aurrerapen garrantzitsuak izan ditu, eta horrek lege horien euskarazko bertsioan erabilitako hizkuntzaren zaharkitze terminologikoa eragin du. Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da euskarazko testuari hizkuntzaren bilakaerarekin bat datorren egitura gramatikala eta linguistikoa ematea.
Legebiltzarreko plenoa bertatik bertara jarraitu duen Garamendi sailburuaren ustez, «gaur onartu den ekimena euskararen ikuspuntutik ere garrantzitsua da; izan ere, zenbait erakundetan oraindik gure hizkuntza erabili behar den ala ez pentsatzen ari diren bitartean, Eusko Legebiltzarrean lanean ari gara, ez soilik erabileran, baita euskararen eguneratzean eta modernizazioan ere».
Itzulpenen baliokidetasun juridikoa eta zehaztasuna bermatzeko lana Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE/IVAP) egin du. Erakunde hori Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari atxikita dago, izan ere honek izapidetu ditu sei legegintzako dekretuak, lege bakoitzerako bana. Egokitzapen horiek Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko ekainaren 30eko 6/2022 Legean oinarrituta egiten dira. Lege horretan, Jaurlaritzari legegintzarako eskuordetza bat ematen zaio lege horien euskarazko bertsioa eguneratzeko.