Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak eta Aspanovasek yoga onkologikoak paziente pediatrikoengan dituen onurak aurkeztu ditu

Aspanovas elkarteak bi saio egin ditu Osakidetzaren Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, yoga terapeutikoak minbizia duten haurren ospitale-prozesuan dituen aukerak ezagutarazteko.  Osakidetzaren Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIaren humanizazio-estrategiak lagunduta, Yoga Onkologikoaren Nazioarteko Sarea Bilbora iritsi zenean sortu zen topaketa honetarako aukera. Adriana Jarrín Moránek (antropologian doktorea eta minbizia duten pertsonentzako yogan aditua da) prestakuntza-saio bat egin du GUOko osasun-langileekin, yoga onkologikoak paziente pediatrikoengan dituen onurei buruz eta, ondoren, saio praktiko bat egin du familiekin.

Minbizia mundu osoan hedatuen dagoen gaixotasunetako bat da; gutxi gorabehera 18 milioi pertsonak pairatzen dute munduan, eta 280.000 inguruk Estatuan. Gaixotasunaren hedapen hori erronka bat da minbizia prebenitu eta kontrolatzeko eta, kasurik onenean, sendatzeko mekanismo eraginkorrak ikertzeaz arduratzen den komunitate zientifikoarentzat. Hala ere, gaixotasuna ez da medikuntzaren esparrura mugatzen; aitzitik, gaixotasuna dutenen espektro emozional eta sozialean ere ondorioak ditu, baita familia-ingurunean ere, bereziki haurren eta nerabeen minbiziaz ari garenean. Horregatik, garrantzitsua da tratamendu konbentzionaletan terapia osagarriak txertatzea, alderdi horiei osasunaren ikuspegi holistikotik erantzuteko. Hain zuzen ere, 2004az geroztik, Osasunaren Mundu Erakundea plan estrategiko bat lantzen ari da terapia horien integrazioa, araudia eta ikuskapena sustatzeko, herritarren osasun-beharrak modu integralean estaltzeko helburuarekin (OMEren txostena, 2014-2023).

Yoga nazioartean aintzatetsitako terapia osagarri horietako bat da. Yoga onkologikoaren metodologiak proposatzen dituen erlaxazio-, arnasketa-, kontzentrazio-, mugimendu- eta luzapen-tekniken konbinazioak gorputzaren homeostasi-prozesua errazten du; hura aldatu egiten da gaixotasunaren eta tratamenduen ondoriozko estres-maila altuen ondorioz. Haurrei eta nerabeei zuzendutako yoga onkologikoaren kasuan, prozesu onkologikoan zuzenean inplikatuta dauden zaintzaileak sartzen dira metodologian. Ildo horretan, garrantzitsua da azpimarratzea adingabeen prozesu onkologikoa garatzen den ingurunea, neurri handi batean, haien zaintzaileen egoera emozionalaren mende dagoela, bai eta gaixotasunaren fase guztietan emozioak kudeatzeko dituzten baliabideen mende ere.

Korridore luzeak, ospitaleko gelak, tratamendu gogaikarriak (mingarriak), txabusina zuriak eta abar minbizia duten haur eta nerabeen eta haien zaintzaileen eguneroko paisaian sartzen dira. Ia saihetsezina da bide hori zeharkatzea. Hala ere, eralda daitekeena bide horretatik ibiltzeko modua da. Horretarako, gaixotasuna ikuspegi atseginago batetik bizitzeko espazioak ireki behar dira. Horregatik, funtsezkoa da espazioak humanizatzea eta ospitale-esparruetan terapia osagarriak sartzea; tartean, yoga.

Yoga onkologikoaren onura fisikoak eta emozionalak ezagutarazteko, Osakidetzaren Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean egin den saioak zati hauek izan ditu:

  1. Yoga onkologikoaren onurei buruzko hitzaldia, osasun-langileei zuzendua: onkologoak, erizainak eta laguntzaileak.
  2. Yoga onkologikoko saioa, minbizia duten haur eta nerabeentzat eta yogaren onurak ezagutu nahi dituzten zaintzaileentzat, prozesu onkologikoa hobeto igarotzeko eta familiaren bizi-kalitatea hobetzeko tresna gisa.