Donostiako Udalak hiriko 3 bidegorri zati konponduko ditu Partaidetzazko Aurrekontuei esker

Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako beste gai batzuk: Hondakinen bilketa, Jesús María Alkain plaza, Belartzagoia, Aldamarreko eraikina

Udalak bidegorrietako zoladurak konpontzeko proiektua onartu du. Proiektu horrek 2022an onartutako Partzaidetzazko Aurrekontuen hiru proiektu biltzen ditu, 599.987 euroko aurrekontua du eta 3 hilabeteko égikaritze epea.

Eneko Goia alkateak adierazi duenez, «martxan jarriko den proiektu hau parte hartzeko prozesuen garrantziaren adibide bat da, horien bidez herritarrek garrantzizkoenak iruditzen zaizkien gaiak proposatu eta lehenetsi ditzaketelako«.

Proiektua Partaidetzazko Aurrekontuen prozesuan bozkatuenen artean suertatu ziren hiru proiektu batera martxan jartzean sortu zen:

  • «Bidegorriak konpontzea Antiguon», 491 boto jaso zituena
  • «Bidegorri sarea konpontzea Frantzia pasealekuan», 341 botoekin
  • «Bidegorri sarea konpontzea Gernikako Arbola pasealekuan», 333 botoekin

Hala, proposamen horiek Antiguoko eremuan (Ondarretatik Unibertsitateetara doan ardatza, Tolosa etorbidea nabarmenduz), Erdialdeko eremuan (Amaratik Erdialderainoko ardatza Bizkaia pasealekutik – Gernikako Arbola – Foru pasealekua) eta Egiako eremuan (Grosetik Amararainoko ardatza Frantziako pasealekutik – Federico García Lorca –) arreta jartzen dute.

Herritarrek aurrekontu erabakietan parte hartzen jarraitzeko aukera dute 2024-2025erako Partaidetzazko Aurrekontuen prozesuaren bidez, eta Udalak 3 milioi euro bideratuko ditu horietara. Prozesu hori analisi fasea amaitzen ari da gaur egun, eta, beraz, datozen asteetan argitaratuko dira ondoren bozkatzeko baldintzak betetzen dituzten proposamen guztiak.

Hondakinen bilketa

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du FCC Medio Ambiente SAk eta Serbitzu Elkartea SLk osatzen duten RSU Donosti ABEEari esleitzea hiri hondakin solidoak eta antzekoak biltzeko eta garraiatzeko zerbitzuen kontratua. Kontratuak gauzatzeko 10 urteko epea eta 7.457.843 euroko gehienezko aurrekontua du.

Jesús María Alkain plaza

Tokiko Gobernu Batzarrak Construcciones Otegui Gaztañaga SLri Jesús María Alkain plaza urbanizatzeko proiektuari dagozkion obren kontratua esleitzea onartu du, 609.837 euroko aurrekontuarekin eta 4 hilabeteko egikaritze epearekin.

The Student Hotel proiektuaren eta etxebizitza eraikinaren garapenarekin, Jesús María Alkain plaza osatzen duten eraikinak osatuta eta konfiguratuta geratzen dira. Beraz, proiektu honek plazaren garapena osatzen du, eraikin berrietara egokitu ahal izateko eta bere obra eraikin berriekin batera osatu ahal izateko. Gainera, bi mailen arteko topaketa konpontzen du: dagoen plazarena eta etxebizitza eraikinerako sarbidearena, eta hoteleko eraikin berrirako sarbideena.

Belartzagoia

Tokiko Gobernu Batzarrak behin betiko onartu du Belartzagoiako Plan Partziala. Bertan, sektorean garatu beharreko jarduera ekonomikoko erabileren programa berriz aztertzea proposatzen da, industria erabilerako lurzatien multzo bereizi gabea definituz, eta horiei beste jarduera erabilera batzuk ezartzeko tolerantzia orokorra esleitzen zaie.

Horren bidez, hobeto egokitu nahi da Belartzagoia bezalako lekuetan jarduera ekonomikoko lokalen eskariaren egungo baldintzetara. Guztira 83.894 m²-ko eraikigarritasuna antolatu da.

Aldamarreko eraikina

Tokiko Gobernu Batzarrak Viviendas Lanin SLri obra lizentzia ematea onartu du, Aldamar kaleko 1. zenbakian 10 etxebizitza, merkataritzako lokalak eta garajeak izango dituen eraikin bat eraikitzeko.

2023/09/26-an argitaratua