2024ko zerga arauak onartuta Donostian

Donostia Gipuzkoako lehen udala izango da etxebizitza hutsen gaineko errekargoa %150era igotzen eta foru arauak ezarritako maximoan ezartzen

Donostiako Udalbatzarrak 2024ko udal zerga-arauak onartu ditu iraileko ohiko udalbatzarrean. Ogasun eta Finantzetako zinegotzi Kerman Orbegozok azaldu du, egindako aldaketei esker Udalak bermatuko dituela donostiar guztiei ematen dizkien kalitatezko zerbitzuak.

Zerga arauak onartzeko tramitazioa amaitu da Udal gobernuaren eta gainerako udal taldeen arteko hainbat akordiorekin, eta ondorioz, 4 zerga eta 6 tasa aldatuko dira.

Hauek dira aldaketa nagusienak:

Tasak

  • Garabia: %7,5
  • Hondakin bilketa: %5 etxebizitzak, %7 jarduerak
  • Jabari Publikoaren Okupazioa:

– Terrazak: 5% 1, 2 eta 3 mailakoak; %2,3 4 mailakoak, eta %1,5 5 eta 6 mailakoak

  • TAO: %5 aparkatzeko tarifa guztietan. Egoiliar txartel arrunta eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzen onuradunen egoiliar txartela bere horretan mantenduko dira. Aparkatze bereziaren kuota %2,5. Udako egoiliar txartelaren tarifaren handitzea.
  • Ura eta Saneamendua: %5
  • Udal zerbitzu eta jardueren gaineko Tasa: 20 eurokoa izango da hautaketa prozesuetan parte hartzeko, gainerako herri administrazioetan egiten den bezala. Salbuetsita egongo dira, %33 edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonak, langabezian dauden pertsonak eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta edota Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera jasotzen duten pertsonak.

Zergak

  • OHZ: batez beste %4. Etxe hutsen errekargoa %150era igo. Balio katastralaren 170.000 euroko gutxieneko limitea bertan behera gelditu da etxebizitza hutsen errekargoa aplikatzeko. Energia berriztagarrietan egindako inbertsioagatik hobariak handituko dira (gehinez %35).
  • Ibilgailuen gaineko zerga: ibilgailuek eta zilindrada handiko motorrek ordaintzen dituzten zergak zaldi fiskal ezberdinen arabera %3 eta %4,8 bitartean handituko dira. Ibilgailu hibridoek %75eko hobaria jasoko dute; eta ibilgailu elektrikoek %90eko hobaria matrikulatu eta lehen hiru urteetan.
  • Hiri izaerako lursailen balio gehikuntzaren gaineko zerga: %5.
  • Ekonomi Jardueren gaineko zerga (IAE): 2, 3, 4, 5 eta 6 kaleen kokapen indizean %3 handituko da.