- Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua Eusko Legebiltzarreko Batzordean agertu da, gaur goizean, lege berriaren proiektua aurkezteko
- Melgosak nabarmendu du arau berriak euskal elkartasuna mobilizatu nahi duela, ”eragile publikoen zein pribatuen ibilbidea eta ezagutza aintzat hartuz, bereziki gizarte-eragileena eta GGKEena”
- Arauak jasotzen du aurrekontu orokorren % 0,7 pixkanaka lankidetzara bideratzeko konpromisoa
Nerea Melgosa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Justiziaren Batzordean agertu da, gaur, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Legearen proiektua aurkezteko. Melgosak erronka globalei helduko dien eta hainbat eragile eta herritar bilduko dituen nazioarteko elkartasun-politikari buruz hitz egin du; Euskadik herrialde pobretuekin eta horien populazioekin duen ibilbidea eta konpromiso solidarioa indartuko duena.
Sailburua legea egiteko prozesua azalduz hasi da: “prozesu parte-hartzailea, elkarrizketatua eta adostasunerako borondatea izan duena, lehengo minututik azken minutura arte”. Azpimarratu duenez, “azken asteetan ere zabaldu dira elkarrizketa eta lan-saioak; bereziki, GGKEen Koordinakundearekin”.
“Gure lankidetza deszentralizatua elkarlanerako konpromisoaren eta guztion lan partekatuaren emaitza da. Erakundeak, gizarte eragileak, GGKEak eta herritarrak”, esan du sailburuak euskal lankidetzaren ereduari buruz.
Melgosak nabarmendu duenez, “azken aldian krisi sistematikoak, klimatikoa, energetikoa edo elikadurakoa bezalakoei krisi sanitario, beliko eta humanitarioa gehitu behar zaie. Horiek guztiak gizakion eta planetaren bizitza arriskuan jartzen dituzte”. Zentzu horretan, azpimarratu du Euskaditik “gure konpromiso solidarioa indartu nahi dugu, lankidetzari, elkartasunari eta justizia globalari gehiago eta hobeago laguntzeko”.
Aldaketa nagusiak
Lege-proiektua uztailaren 27an onartu zuen Gobernu Kontseiluak, eta izapidetze-fasean dago jada Eusko Legebiltzarrean. Egun, inoiz baino gehiago funtsezkoa da munduko pertsona guztien duintasuna bermatuko duen bizikidetza ereduetan aurrera egitea. Hori dela eta, sailburuak nabarmendu du arau berriak “euskal gizarte osoa helburu horien alde mobilizatzeko balioko du”.
Erantzukidetasuna eta maila instituzional eta sozialen arteko aliantzak bultzatzeko, testu berriak “euskal sektore publiko osoari eta gainerako eragile espezializatu eta ez espezializatuei dei egiten die politika solidarioaren alde”, azaldu du sailburuak.
Nerea Melgosak Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Lege berriak aplikazio eremuari dagokionez egiten dituen aldaketak aipatu ditu, euskal administrazioaren hiru mailetara zabaltzen baita. Horrela, arauak aurrera egiten du erakundeen arteko koordinazio-mekanismoak eta finantzaketa mekanismoak finkatzen % 0,7ko helburua indartuz.
Era berean, testuak eragile solidario guztiak inplikatzen ditu; besteak beste, hedabideak, “euskal gizartearen sentsibilizazioan duten zeregina funtsezkoa baita”.
Lankidetza-jardueren kudeaketa hobetzeko eta lankidetzan aritzen diren herrialdeetako errealitateetara egokitzeko, lege-proiektuak arau bereziak ezartzea aurreikusteen du. Horren harira, Melgosak nabarmendu du “ELGAko Garapenean Laguntzeko Batzordeak bezalako nazioarteko erakundeek horixe bera gomendatzen dute”.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren aburuz, legeak ezartzen dituen beste funtsezko alderdietako batzuk dira; alde batetik, garapen jasangarrirako politiken koherentzia, “instituzioek beren politikek Hegoko herrialde eta lurraldeetan dituzten eraginak kontuan har ditzaten”, eta, bestetik, erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza mekanismoak. Horiez gain, oinarrizkotzat jotzen ditu euskal eragileen eta herrialde pobretuetako eragileen arteko ezagutzaren eta ikaskuntzaren trukaketa, bai eta gardentasuna edo kontu-ematea ere.
Nerea Melgosak bere agerraldia bukatzeko, azpimarratu du “legean horizontea argia da: lankidetza eta elkartasuna herri estrategia bihurtzea”, erakundeetako eta gizarte eragileen inplikazioari aipamena eginez.
Azkenik, Melgosak ziurtatu du espero duela Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Legea legegintzaldia amaitu aurretik berretsia egotea.