Donostiak klimarekin eta jasangarritasunarekin lotutako balioak hobetzen jarraitzen du, Cristina Enea Fundazioaren Jasangarritasunaren eta Klimaren Behatokiaren txostenaren arabera. Txosten horretan, 50 adierazle eta datu esanguratsu jaso dira, eta, horien bidez, azken urteetako bilakaera aztertu da, klima-aldaketaren aurkako borrokaren eta egokitzapenaren ikuspegitik.
Marisol Garmendia Ekologiako zinegotziak azpimarratu duenez, «Donostiak adierazle ezin hobeak izaten jarraitzen du arlo hauetan: uraren eta airearen kalitatea, hiriko berdeguneen azalera, hondakinen kudeaketa eta murrizketa, atmosferara egiten diren isurketen murrizketa eta ingurumena hobetzeko eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko bidean jarraitzera gonbidatzen gaituzten beste parametro batzuk, klima-aldaketaren ebidentzia gero eta nabariagoa den honetan.»
Hiria hornitzeko erabiltzen den uraren kalitateak ezin hobea izaten jarraitzen du: analisien %99,86 gogobetegarriak dira. Bestalde, Urumeako uraren kalitatearen analisiek erakusten dutenez, ibai-ahotik gertuen dauden eremuetan ingurumen-helburuak gero eta beteago ditugu.
Hala ere, ibaiaren erdialdean, Loiolako eta Santa Katalina zubien artean, egindako analisiek erakusten dutenez, hango uraren kalitate-indizeek jaisten jarraitzen dute. Uraren guztizko kontsumoa 204 litrokoa da, pertsonako eta eguneko, eta 129 litrokoa, pertsona eta eguneko, etxe-mailan.
Hiriko airearen kalitatea neurketa-estazioen bidez aztertzen da. Airearen kalitatea «oso ona» edo «ona» izan duten egunak hauek izan dira, ehunekoetan: %93, Puioko estazioan; %92, Tolosa hiribideko estazioan; %91, Añorgan; %87, Zubietan, eta %86, Ategorrietako eta Easoko estazioetan.
Natura 2000 Sareari esker udalerriak duen azalera babestua %4 da. Udalerriko azalera babestu osoa 1.678,05 hektareakoa da, hau da, azalera osoaren %27,53.
Berdeguneek urbanizatutako azaleraren %20,3 hartzen dute, hau da, 21,21 m² biztanleko.