Osakidetzak gaur hasi du arrisku-taldeen eta 60 urtetik gorakoen txertaketa Euskadiko osasun-zentroetan

Gaur, urriak 9, Osakidetzak gripearen eta COVID-19aren aurkako txertaketa-kanpaina hasi du arrisku-taldeentzat eta 60 urtetik gorako pertsonentzat Euskadiko osasun-zentroetan. Gainera, Osakidetzak 80.000 hitzordu antolatu zituen joan zen astean; horietatik 1.500 haurrentzat dira.

Iaz egin bezala, Osakidetzak gripearen eta COVID-19aren aurkako txertoak aldi berean hartzeko eskaintzen dizkie herritarrei, konplikazioak izateko arrisku handiena duten kolektiboei eta 60 urtetik gorakoei lehentasuna emanez. Txertoa hartu nahi duten gainerako biztanleek urriaren 30etik aurrera eskatu ahal izango dute hitzordua, azaroaren 6tik aurrera txertoak jaso ahal izateko.

ZEINTZUK OSATZEN DITUZTE ARRISKU-TALDEAK?

Egoitzetan bizi diren pertsonek

60 urtetik gorakoek

Gaixotasun kronikoak dituzten pertsonek edo immunodeprimituek

Emakume haurdunek

Osasun-arloko profesionalek eta arlo soziosanitarioko profesionalek

NON ETA NOIZ JARRIKO DITU TXERTOAK OSAKIDETZAK?

Joan zen irailaren 25ean hasi zen egoitzetan bizi diren pertsonei txertoa jartzen. Gainerako herritarren kasuan, txertoak batez ere Osakidetzako osasun-zentroetan jarriko dira; eta zenbait kasutan etxeetara egindako bisitetan, kontsultetan, ospitaleetan eta abar:

  • Urriaren 9an hasiko da txertaketa arrisku-taldeentzat, eta lehentasuna emango zaie 80 urtetik gorako adineko pertsonei; horiek telefono dei pertsonal bat jasoko dute Osakidetzatik edo BetiOn zerbitzutik, eta, behar izanez gero, etxean bertan jarriko diete txertoa.
  • Aurreikuspenen arabera, azaroaren 6an hasiko zaie txertoa jartzen nahi duten gainerako herritarrei.
  • Aldi berean, kolektibo sanitarioarentzako eta soziosanitarioarentzako txertaketa antolatuta dago.
  • Hirugarren urtez, Osalanekin lankidetza estuan, Osakidetzak aukera ematen die enpresei eta erakundeei, prebentzio-zerbitzuen bidez, bertako langileei txertoa jartzeko.

NOLA ESKATU HITZORDUA?

Hasiera batean, arrisku-kolektiboetako pertsonei emango zaie lehentasuna. Hortaz:

  • Arrisku-kolektibokoa bazara: eskatu gaurtik aurrera hitzordua Osakidetzaren webgunearen bidez edo zure osasun-zentrora deituta, urriaren 9tik aurrera txertoa hartzeko.
  • Arrisku-kolektibokoa EZ bazara: itxaron urriaren 30era arte. Egun horretan, web-orriaren bidez edo zure osasun-zentrora deituta, hitzordua eskatu ahal izango duzu azaroaren 6tik aurrera txertoa jartzeko.
  • Txertaketaren inguruan zalantzarik izanez gero, Osakidetzak CAUren (Erabiltzailearen Laguntza Zentroa) telefonoa gaitu du herritarren zalantzak argitzeko: 900203050