- Zirriborroa izapidetzearen azken fasean dago, Gobernu Kontseiluan aurkeztu aurretik
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu Olatz Garamendik Euskadiko Gardentasun Legearen aurreproiektuaren berri eman dio gaur Enplegu Publikoaren Euskal Kontseiluari. Aurreproiektua izapidetzearen azken fasean dago, datozen asteetan Gobernu Kontseiluan aurkeztu aurretik. Behin onartuta, lege proiektua Eusko Legebiltzarrera iritsiko da, eztabaidatu eta onar dezan.
Enplegu Publikoaren Euskal Kontseilua kide anitzeko organo gorena da, euskal administrazio publikoetako langileen politika osatzen duten neurriak koordinatzeko, kontsultatzeko eta proposatzeko, bai eta haren zerbitzuko langileek parte hartzeko ere.
Garamendi Sailburuaz gain, bileran parte hartu dute Funtzio Publikoko Sailburuorde Jose Maria Armentiak, Erakunde Harremanetarako Sailburuorde Jon Urbinak, IVAPeko Zuzendari Maite Barruetabeñak eta Eusko Jaurlaritzako beste bi ordezkarik. Era berean, hiru Foru Aldundietako ordezkari banak parte hartu dute, baita Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV-EHU) ordezkari batek eta baita langileen ordezkariak ere, erakunde sindikalek izendatutakoak, betiere euskal administrazio publikoetan duten ordezkaritzaren arabera.
Herritarren aurrean Administrazio publikoaren gardentasuna bermatzea da etorkizuneko lege honen helburua, herritarrek gai publikoetan parte hartzea eta Gobernuaren programa bakoitza betez garatutako ekintzen eta ekimenen kontuak denbora errealean ematea.