Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak eta ECODES irabazi-asmorik gabeko erakundeak bakterioei eta mikrobioen aurkako erresistentzia prebenitzeko antibiotikoen erabilera zuzenari buruzko informazioa bildu dute erakusketa batean. Erakusketarekin batera –Pediatriako 5. solairuan dago–, Inés eta bakterioak ipuina argitaratu da euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz. Bakterio motak zehazten ditu eta antibiotikoak zuzen erabiltzea zein garrantzitsua den kontatzen du. Erakusketak bakterioen aurkako erresistentziak kudeatzeko kontzientziazioa zein garrantzitsua den ikusarazi nahi du, haurtzaroan hasten den belaunaldien arteko ikuspegi batetik.
Erakusketaren aurkezpenean izan dira Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko zuzendari-gerente M Luz Marqués, ECODESeko Jasangarritasuneko Kulturako zuzendari Eva González, Pediatriako Zerbitzuko buru Itziar Astigarraga, eta infekzioen tratamenduarekin eta osasun-kudeaketarekin lotutako hainbat profesional sanitario. Erakusketa bi astez egongo da ikusgai.
2022ko Antibiotikoekiko Erresistentziaren Plan Nazionalaren arabera, bakterio multirresistenteek eragindako infekzioek eta antibiotikoen eraginkortasunik ezak 4.000 heriotza eragiten dituzte urtean, Estatuan bakarrik. Datu horrek garrantzi handiagoa hartzen du kontuan hartzen bada trafiko-istripuek eragindako heriotzen kopurua adina lau dela.
Gurutzetako Unibertsitate Ospitalearen eta ECODESen arteko aliantzak errealitate berri horren inguruan kontzientziatu nahi gaitu; izan ere, klima-aldaketak funtsezko rola hartzen du, ingurumenak bakterio jakin batzuen erreserborio eta hedapen-bide gisa jardutea eragin baitezake. Ildo horretan, alde batetik, nabarmendu behar da tenperatura globala igotzeak berekin dakarrela bakterioen ugaritzea eta haiek erresistenteagoak izatea; beste aldetik, muturreko fenomenoen segidak (uholdeak edo lehorteak, esaterako) bakterio erresistenteak planetako hainbat eremutan pilatzea dakar.
Horri gehitu behar zaio antibiotikoekiko erresistentziak arazo ekologikoak ere sortzen dituela, pertsonen, animalien eta ingurumenaren osasunari eragiten dioten elkarrekintza konplexuen bidez bereizten direnak. Adibidez, nekazaritza-jatorriko antibiotikoak eta bakterio erresistenteak landareek eta laboreek xurgatzen dituzte, eta elikakatean zehar lekuz aldatzen joaten dira, elikagaietara iritsi eta jaten ditugun arte.