Udalek eta toki-erakundeek memoria proiektuak egiteko dirulaguntzak eskatzeko epea zabalduko da

Udalek eta gainontzeko toki-erakundeek Euskadiko memoria historikoa eta demokratikoa berreskuratzeko proiektuak egiteko dirulaguntzen eskaera-epea zabalduko da urriaren 25ean. Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak urtero kaleratzen duten deialdi honek 137.500€ko diru-hornidura du.

Deialdi honen bidez, Gerra Zibiletik gaur egunera arte Euskadin demokraziaren eta askatasunaren alde egindako borroka eta memoriaren tokiko ikerketa berreskuratu eta bultzatzeko proiektu espezifikoak diruz lagundu ahal izango dira. Era berean, pertsonak eta gertaerak oroitzeko jarduerak, zabalkunde-jarduerak eta sinbologia frankista kentzeko proiektuak ere sustatuko dira.

Ikerketen kasuan, lanek originalak izan behar dute, eta konpromisoa izan behar dute giza eskubideekin eta indarkeria ezarekin, bai eta Euskadiko memoria demokratikoaren balioak transmititzearekin ere.

Gainera, Euskadiko memoria demokratikoa zabaltzen laguntzen duten gertaerak oroitzeko edo pertsonak omentzeko jarduerak sustatzen dira, bai eta hura zabaltzeko jarduerak ere, hala nola jardunaldiak, mintegiak edo erakusketak. Atal honetan daude, adibidez, Memoriaren Egunaren oroitzapenezko ekitaldiak.

Azkenik, sinbologia frankistaren arrastoak kentzeko jarduerak ere deialdi honen xede dira.

Eskabideak urriaren 25etik azaroaren 24ra bitartean aurkez daitezke, izapidetze elektronikoaren bidez. Deialdi honi buruzko informazio zehatza www.gogora.euskadi.eus helbidean kontsulta daiteke.