Horretarako 5.000.000 € erabiliko dira, bi urtetan banatuta
Aginduak euskal espetxeen mende dauden eta askatasunaz gabetuta dauden pertsonei gizarteratzeko eta gizarte-arreta emateko proiektu komunitarioetarako dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia ezartzen ditu, bai eta zigorrak betearazten laguntzeko proiektuak eta espetxeratzearen ordezko neurriak ere.
EAEko espetxe-ereduak hirugarren sektore sozialeko erakundeen lankidetza bultzatzen du, presoei edo espetxeratzearen ordezko zigor edo neurrietara kondenatutakoei laguntzeko; izan ere, faktore erabakigarria da haiek birgizarteratzeko.
Birsozializazio horretarako bidea prestatzeak hainbat politika publiko uztartzea eskatzen du, baina, era berean, ezinbestekoa da gizartearen inplikazio eta parte-hartze aktiboa.
Euskal Autonomia Erkidegoan bada sare komunitario bat, hirugarren sektoreko fundazioek eta elkarteek osatzen dutena, zigortuak birsozializatzen eta haiei arreta soziala ematen laguntzeko. Sare horren helburua da zigortuek eta presoek aukera izatea beren bizitza orientatzeko eta, espetxean egon ondoren, komunitatean erabat integratzeko, gizarte-aktibo gisa.
Deialdi berriak, norgehiagoka-araubidean, sare komunitario hori sendotu nahi du, 24-25 biurtekoan zigortutako pertsonak birgizarteratzeko proiektuak egiten laguntzeko, hala nola:
- Adikzio-arazoak dituzten pertsonentzako programak.
- Esku-hartze psikoterapeutikoko, psikoedukatiboko eta sozioedukatiboko programak, oro har, eta, bereziki, profil eta delitu jakin batzuetan espezializatutako programak.
- Orientazioko eta gizarteratu eta laneratzeko programak, Lanbideren eta Aukerak agentziaren eskaintza osatuko dutenak.
- Aisia hezitzaileko programa soziokulturalak.
- Erantzukizuna hartzeko laguntza-programak errestaurazio-prozesuen testuinguruan.
- Zigorrak betearazteko lankidetza-programak eta espetxeratzearen ordezko neurriak.
Aipatutako proiektuak finantzatzeko 5.000.000 € erabiliko dira guztira, bi urteetako bakoitzean zati berdinetan banatuta.
Aurreko deialdian, 2022-2023 urteetarako 49 proiektuk jaso zuten dirulaguntza, guztira 4.097.848 €-tan.
Aurreko deialdiarekin alderatuta, deialdi berriak zenbait berrikuntza dakartza, esperientziaren ondorioz, finantzatu beharreko proiektuak berrantolatzeari, proiektuak espetxe-administrazioaren benetako beharretara egokitzeari, balorazio-irizpideei, proiektu bakoitzerako aurrekontu-zuzkidura bereiziari eta abarri dagokienez.
Era berean, deialdi honek ezin du alde batera utzi Gipuzkoako espetxe berria, Zubieta, proiektuz hornitzeko beharra, diruz laguntzeko epean irekitzea aurreikusten baita.
Gainera, hirugarren sektore sozialeko beste proiektu batzuek, espetxeen eremuan, finantzaketa-iturri espezifikoak dituzte, hala nola ingurune komunitarioko harrera-baliabideen sarea.