Euskadirako Helmugako Jasangarritasun Turistikoko hirugarren Lurralde Plana Next Generation funtsek finantzatzen dute, eta 19,5 milioi euroko zuzkidura du euskal turismo-sektorerako. Hirugarren honekin, Jasangarritasun Turistikoko Planen deialdiak ixten dira. Plan horiek Espainiako Gobernuaren Jasangarritasun Turistikoko Estrategiaren zati dira, eta Next Generation berreskuratze-funtsekin finantzatzen dira.
Euskadik, guztira, 80 milioi jaso ditu jasangarritasun-planen eta plan nazionalen 3 deialdi horietan. Hiru lurraldeetako 34 proiektu dira, eta jatorri oso desberdinekoak: kostaldeko, landako eta hiriko eremuetako proiektuak, 3 hiriburuetan eta tamaina oso desberdineko udalerrietan, baita lurraldeen arteko edo udalerrien arteko aliantzen ondoriozko proiektuak ere. Eta, gainera, askotariko gaiak jorratzen dituzte, besteak beste industria-turismoa, kultura-turismoa, ekoturismoa eta natura, enogastronomia, bide berdeak, adimen turistikoa, eta “baliabideen aniztasuna, lurralde-oreka eta jasangarritasuna bermatzen dituzten” beste batzuk.
“Proiektu horiek dagoeneko gauzatzen ari dira udalerri eta eskualdeetan kasu askotan, eta lizitazio-bidean daude beste batzuetan. Hau da, Euskadira iritsi diren funtsak dira eta proiektuak garatuko dituzten enpresen eskuetan daude. Eta lankidetza jarraitu, serio eta zorrotz baten emaitza da, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Espainiako Gobernuarekin eta euskal erakunde eta entitateekin izandako lankidetzarena”, azaldu du Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok.