- 2023ko Peña Ganchegui Sariko estudio finalisten lanen aukeraketa ikusgai dago gaurtik aurrera Euskadiko Arkitektura Institutuaren atarian, Donostian.
- Hainbat panelek aurtengo irabazlearen lana erakusten dute, Ortega Diago estudio donostiarrarena, baita hautatutako gainerako hautagaiena ere: Amaia Arana, Anarte, Eloi Landia, Equi Studio, Gurea eta Mugara.
- Aurtengo deialdian hautagai-kopuruak gora egin du eta emakumeen presentzia handiagoa izan da, gizonena berdinduz.
Euskal arkitektura gazteak erakusketa bat du gaurtik aurrera Euskadiko Arkitektura Institutuan, Donostian. Peña Ganchegui 2023 Sariaren epaimahaiak aukeratutako hautagaien lanak biltzen dituen erakusketa da, Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren esparruan inauguratutakoa.
Bi urtean behin, Peña Ganchegui Artxiboak bere saria antolatzen du, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren laguntzarekin. Sariaren helburua da 10 urtetik beherako esperientzia duten arkitekturako profesionalei ikusgarritasuna ematea, baldin eta, Euskal Autonomia Erkidegoan ikasita edo bertan lan eginda, kalitatezko arkitektura-kultura sustatzen, garatzen eta finkatzen laguntzen badute.
Edizio bakoitzean, sariak aintzatetsitako taldeen lanek Mugak/ Bienaleko erakusketa bat osatzen dute. “Sariaren laugarren edizio honetan hautatutako arkitekturako promesa gazteek ikuspegi anitz dituzte arkitektura garaikideak, klimaren eta gizartearen jasangarritasunean, adibidez, dituen erronkei aurre egiteko. Hala ere, guztiek dute xehetasun eta gauzatze arduratsuaren aldeko gustua, Euskadin bertan eta bertatik egiten den arkitekturarentzako kalitatezko etorkizuna bermatuz”, Pablo García Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendariak gaur goizeko inaugurazioan adierazi duenez.
Laugarren edizio honetan, sari-banaketa joan den urriaren 20an egin zen, 2021eko irabazleek, Ocamica Tudanca Arquitectos-ek, diseinatu eta koordinatutako gala batean, Euskadiko kultura eta arkitekturako profesionalen aurrean. “Peña Ganchegui Sariak Euskal Arkitektura Gaztea sustatzea du helburu. Zentzu horretan, Mugak/ Bienala plataforma ezin hobea da epaimahaiak hautatutako hautagaitzak ezagutarazteko. Are gehiago erakusketa, kasu honetan bezala, ekitaldiaren egoitza nagusia den Euskadiko Arkitektura Institutuaren atarian kokatzen bada. Eskerrik asko Bienalari bere programazioan sartzeagatik eta Institutuari gu hartzeagatik”, adierazi du Peña Ganchegui Artxiboko zuzendariak, Rocio Peñak.
Erakusketa
2023ko Peña Ganchegui saria jaso zuen Gonzalo Sánchez Ortegak eta Armando Diagok osatutako Ortega Diago estudio donostiarraren lana da erakusketaren burua. María Langaritak, Fernando Márquez Ceciliak eta Antonio Ortizek osatutako edizioko epaimahaiak honako hauek baloratu zituen: sintesi espazialaren ariketa, materialen tratamenduan dagoen fintasuna, irtenbide programatiko bereziak, zirkulazioen arintasunarekiko kezka eta bere lanean erakutsitako gardentasunen arreta. Balio horiek ikus daitezke bai egindako interiorismo-obretan (etxebizitzak berritzeaz gain, merkataritza- eta lan-espazioak egokitzea barne hartzen dute), bai egin gabeko eraikuntza-proiektuetan; horien artean, Hondarribia inguruan proiektatutako hainbat etxebizitza nabarmentzen dira.
Ortega Diagorekin batera, Amaia Arana arkitektoak, Gurea kooperatibak eta Mugara estudioak aipamen berezia jaso zuten. Lehenengoari dagokionez, honako hau balioesten da: “Ingurumenari buruzko kezka eta materialen tratamenduan izandako arreta bikaina”. Bigarrenari dagokionez, “praktika garaikide, kontziente eta arduratsu bat izatea, paradigma energetiko eta sozial berrien erronkak bere gain hartzen dituena”. Hirugarrenetik, “errealitateari begiratzeko modu berezia”, soluzioen berezitasuna eta aniztasuna nabarmenduz, baita proposamenetan bere gain hartutako arriskua ere.
Era berean, Anarte, Eloi Landia eta Equi Studioren, gainerako hautagaitza finalisten, lana ilustratzen du erakusketak. Horietan, epaimahaiak bere ibilbidearen balioa, planteamenduen aniztasuna eta praxi arkitektonikoari lotuta jorratzen dituzten lan-ildo interesgarriak aitortu nahi izan zituen.
Saria
Sariak, eskudirutan 6.000 euroko ordainsaria duenak, Luis Peña Ganchegui (Oñati 1926-Donostia 2009) arkitektoarengandik hartzen du izena, XX. mendeko bigarren erdialdeko euskal arkitekturaren erreferente handiena. Laugarren edizio honetan 15 hautagaitza aurkeztu dira, bost arkitektura eskola desberdinetako (Donostia, Madril, Bartzelona, Iruñea eta Sevilla) 28 profesional batu dituelarik, nagusiki Euskal Herrian jarduten dutenak. Aurten ere, izen-emate kopuruak gora egin du aurrekoarekin alderatuta, eta lehen aldiz, emakumeen ordezkaritzak gizonena berdindu du.
“Oso eskertuta gaude epaimahai bikain honek gurekiko izan duen begiruneagatik. Peña Ganchegui Artxiboak eta Gobernuak sustatutako ekimen hau funtsezkoa da gazteen artean hurbilketa bat egiteko eta gure lana ezagutzeko”, adierazi du Ortega Diago estudioko Gonzalo Sánchez Ortegak.
Epaimahaia
Laugarren edizio honetako epaimahaiak izen handiko hiru profesional izan ditu: María Langarita arkitektoa (Zaragoza, 1979), Madrilgo Arkitektura Eskolako irakaslea eta Langarita-Navarro estudioaren sortzaileetako bat, hainbat sari jaso dituena; Fernando Márquez arkitektoa (Madril, 1957), El Croquis argitaletxearen bazkide sortzailea, izen bereko aldizkaria argitaratu duen eta gaur egun 200 ale baino gehiago argitaratu dituen nazioarteko erreferentzia dena; eta Antonio Ortiz arkitektoa (Sevilla, 1947), Sevillako Unibertsitateko ohorezko irakaslea, Cruz y Ortiz estudioaren sortzaileetako bat, zeinaren lana asko zabaldu eta saritu den. Deliberamenduan, hitza bai baina botorik ez zuten deialdiko erakundeetako ordezkariak izan zituzten lagun: Peña Ganchegui Artxiboaren zuzendaria den Rocío Peña eta Pablo García Astrain, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendaria.