Gari Telleria: “Nabigatzeko beste modu bat posible dela erakutsi dugu”

Izena ezin zitekeen egokiagoa izan. Lasai da 2021ean Zornotzan sortu zuten eta trantsizio energetikoa laketontzietara eramatea erabaki duen euskal ETE honen aurkezpen-gutuna. Zehazki, zaratarik eta isurpenik gabe nabigatzen duten eguzki-energia bidezko itsasontzi elektrikoak fabrikatzea erabaki dute. Nabigatzeko beste modu bat eskaintzen du, jasangarria, ingurumena errespetatzen duena eta lasaia, “inor baino urrunago heltzeko”, azaldu du Gari Telleriak, Lasai Marineko CEOak, ‘Made in Basque Countryrekin’ izandako elkarrizketan.

Nola sortu da proiektua?

Lasai laketontzien nabigazioa elektrifikatzeko erronka ekologikoari erantzuteko sortu zen, eta, halaber, negozio-aukera gisa. Bi faktoreak aldi berean gertatu dira. Hasieran, Beraunberri euskal inbertsio-taldeak sustatu zuen. Talde horrek Solarpack sortu zuen eta akziodun nagusia izan da duela urte batzuk arte. Talde horrek industria-proiektuen eta proiektu jasangarrien alde egin du. Gure enpresak bi ezaugarri betetzen ditu: Mugikortasuna elektrifikatzea oro har eta laketontziena bereziki. Betebehar soziala zen eta da ia. Energia-hornikuntzan dauden arazoak, kutsadura eta klima-aldaketa kontuan izanda, saihestezina da. Hala uste dute Europako gobernuek, trantsizioa sustatzeko legediak egiten ari baitira dagoeneko. Behar horretatik sortu zen ontzien lehen lerroan gauzatu dugun negozio-aukera.

Zein fasetan dago?

Oso aurreratuta gaude. Azkar egin ahal izan dugu aurrera, oso argi baikenuen zer produktu nahi genituen, nori zuzentzen gintzaizkion eta nahi genuen enpresa-eredua zein zen. Seriean ekoizten dugu hogei oineko itsasontzien gama. Hiru modelo ditugu, gaitasun desberdinekin: GL modeloa kostaldeko uretatik nabigatzeko pentsatuta dago, GR ibaietara, lakuetara eta kanaletara bideratuta dago, eta, azkenik, TR modeloa pertsonak garraiatzeko erabiltzen da (zortzi pertsona eta pilotua eraman ditzake).

Lehen itsasontzia duela gutxi atera duzue ofizialki Alemaniako azoka batean… Zer nolako balantzea egiten duzue?

Düsseldorfeko Areto Nautikoa izan da gure aurkezpena Europan. Harrera ezin hobea izan genuen bai profesionalen, bai zaleen aldetik. Eguzki-argiarekin sortutako propultsio elektriko bidezko gure proposamena oso arrakastatsua izan zen. Egia esan, aurreikuspenik onenak ere gainditu genituen, bai bisitarien kopuruan, bai eskarietan.

Nolakoak dira fabrikatzen ari zareten ontziak?

Abangoardiako diseinua duten ontziak dira, eta akabera oso zainduak dituzte. Nabigazio-esperientzia berdingabea eskaini nahi dugu, horregatik zaintzen ditugu xehetasunak ahalik eta gehien. Era berean, geure teknologia propioa dugu, kalitaterik goreneko osagarriak eta estandarrik zorrotzenak betetzen dituzten fabrikazio-prozesuak. Faktore horien emaitza fidagarritasuna da. Gure bezeroek mekanika ahaztea eta besterik gabe nabigazioaz gozatzea nahi dugu; zaratarik eta isurpenik gabe, ingurunearekin harmonian. Azken alderdi hori ez da bigarren mailakoa. Jasangarritasuna eta ingurumenarekiko errespetua kapitala dira guretzat.

Zaila dirudi Europan antzeko beste ezer aurkitzea…

Itsasontzi elektrikoak aurki daitezke, baina ez eguzki-energia eta propultsio elektrikoa duten itsasontziak, teknologia horren neurrira egindako diseinuarekin. Erronka ez da itsasontzi baten barruan sistemak gehitzea, baizik eta errendimendu osoa zatiena baino handiagoa izan dadin lortzeko diseinu bakarra izatea.

 Zer nolako autonomia dute?

Hogei oineko gamako modeloek egun osoan zehar nabigatu dezakete, hau da, zortzi eta hamar ordu artean. Gehiago ere izan daiteke, eguzkiaren arabera.

Epe laburrean, zein dira helburuak ekoizpenari dagokionez?

Oraintxe bertan, jaso ditugun eskari guztiei erantzutea eta hilabete gutxiko entrega-datak eskaintzea. Gure aurreikuspenen arabera eskariak handitzen jarraituko dugu, entrega-denborak nabarmen murrizteko ekoizpen-linea berriak baititugu aurreikusita.

 Eta itsasontzi bakoitzaren prezioak?

Itsasontziaren prezioa bezero bakoitzak aukeratzen duen konfigurazioaren, akaberen eta gehigarrien araberakoa da. Hautazko ekipamenduen zerrenda oso osatua eskaintzen diegu. Nolanahi ere, irteera-prezioa 55.000 eurokoa da.