Gobernu Batzarrak bihar onartu behar ditu Begiristain doktorearen pasealekuko mendi-hegala egonkortzeko obra batzuk, Illunbe aldera doan adarraren hasierakoak. Azkenaldi honetan mugitu egin da eta behera etortzeko itxura duela ematen du.
Bidearen zorua berritzeko ziren orain, baina behera egin duela ikusi eta berehala ekitea erabaki dute, kalte handiagoarik izan ez dadin.
Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi Carlos Garciak adierazi duenez, «azkeneko asteotan, handik pasatzen den jende askok eskatu du zerbait egiteko, bidea behera sartuta dagoela-eta; eta, hala, konpontzeari ekingo diogu, ikusi ditugun beste hirigintza-oztopo batzuk konpontzeko ere aprobetxatuta. Onartu behar dugun obrak 600.000 euroren aurrekontua du, eta 4 hilabete izango dira obra egiteko.»
Berritu beharreko bide-zatia mendi-hegalaren erdi parean doa, bihurgunea eginez behetik gora, ospitale aldera. Denborarekin finkatu egin da mendi-hegal hori, eta gorabehera eta pitzadura handiak eragin ditu ospitaleetara igotzeko bidean eta espaloian.
Egin behar den obra mikropilotezko pantaila bat jartzea da, galtzadaren kanpoko ertzean ainguratuta, bideari eusteko. Ondoren, espaloiaren zoladura berrituko dute, seguru ibili ahal izateko handik.
Mikropilote pantailak 96 metro izango du luze, eta mikropilote bakoitzak 10-15 metro sakon (bidearen azpiko betelanen lodieraren eta arroka sanoa den kotara iritsi arte zer distantzia dagoen). Berritu beharreko espaloi zatia, berriz, 108,00 metro luze izango da.