A 25: Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna (UPV/EHUren manifestua)

Azaroaren 25a, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak berriro salatu nahi du emakumeen aurkako indarkeria dela giza eskubideen urraketa suntsitzaile eta hedatuenetako bat eta, beraz, indarkeria desagerraraztea dela gizarte gisa lortu behar dugun lehentasunezko helburuetako bat.

Ildo horretan, Euskal Herriko Unibertsitatetik bat egiten dugu NBEren 2023ko kanpainarekin: Ez dago aitzakiarik! Kanpaina horrek prebentzioan inbertitzea sustatzen du, eta guztiok mobilizatzera eta aktibista bihurtzera premiatzen gaitu, emakumeen eskubideen defendatzaileei elkartasuna adieraz diezaiegun, mugimendu feministei babesa eman diezaiegun emakumeen eskubideen atzerakada saihesteko eta, horrela, emakume eta neska guztientzako mundu aske eta seguru bat lor dezagun.

Aurtengo gure apustua, goi mailako hezkuntzako erakunde gisa, izango da inbertitzea sentsibilizazioan, kontzientziazioan eta prebentzioan, emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean zero tolerantzia adieraziz, emakumeen eta gizonen arteko eskubide berdintasuna bilatzen duten erakundeekin lankidetzan arituz, eta indarkeriaren kulturari laguntzen dion edozein estereotipo zalantzan jarriz bai online elkarrizketetan bai gainerakoetan. Era berean, arlo horretan ikerlanak egitea bultzatuko dugu, ikerketa funtsezko tresna baita indarkerien arrazoiak ezagutzeko eta horiek desagerrarazi eta biktimei erreparazioa emateko konponbideak eskaini ahal izateko.

Euskal Herriko Unibertsitateak Unisafe ikerketa europarrean parte hartu du aurten. Azterlan horren emaitzen arabera, unibertsitateko emakumeen kideen % 62k indarkeria motaren bat jasan du bere bizitzan (fisikoa, psikikoa, ekonomikoa, jazarpena edo ziberindarkeria); eta emaitza horrek, Europako beste unibertsitateetako emaitzen ildo beretik, agerian jartzen du arazoaren dimentsioa. Horregatik, unibertsitateak kementsu jarduten du gure erakundean kasuak agertzen direnean, genero indarkerien aurkako gure protokoloa aplikatuz. Protokolo horrek, jokabide bortitzak desagerrarazteko neurriak ezartzeaz gain, arreta eskaintzen die indarkeria egoerak bizi dituzten pertsonei, laguntasuna ematen die prozedura osoan, eta jokabide horiek beren bizitzetan izan ditzaketen ondorioak gainditzen laguntzen die.