URAk jendaurrean jarri du Soraluzeko Gabolats zubia ordezkatzeko eraikuntza-proiektua

Egungo zubia ibilguan euskarririk gabeko egitura batekin ordeztuz gero, inguruko uholde-arriskua hobetuko da

URAk jendaurrean jarri du Soraluzeko Gabolats zubia ordezteko eraikuntza-proiektua, hasierako onespena jaso duena. Bertan, egungo Gabolatseko zubia ordezkatuko duen egitura berri baten geometria definitu da. Laburbilduz, proposatzen den zubi berriak ez du euskarririk izango ibilguan, eta taularen oinarria 45 cm altxatuko da egungo taularekiko.

Horrela, Gabolatseko zubi berriari esker, uraldietan ur-laminaren hazaraztea murriztu ahal izango da inguruan eta ibaian gora. Zehazki, Gabolats zubia ordeztuz, zubiaren eta Malmero presa txikiaren arteko tartean dauden etxebizitzak babestuko ditu 50 urteko errepikatze-denborako uraldietatik (Soraluzerako zehaztutako defentsa-helburua).

Deba ibaia oso eraldatuta dago Soraluzeko hiri-eremuaren barruan. Ibilgua bideratuta dago trazaduraren zatirik handienean, eta hiri-bilbeko eraikinak oso distantzia txikira daude, batzuetan ibaiertzarekiko inolako atzerapenik gabe. Egoera hori larriagotu egiten da ibilguan hainbat oztopo daudelako eta, ondorioz, ur-lamina hazarazten delako. Oztopo horiek hurrengo irudian dauden zubiek eta presa txikiek osatzen dituzte.

Hori dela eta, Soraluzeko (Gipuzkoa) herrigunea ES017-GIP-DEB-06 (Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Uholde Arriskua Kudeatzeko Plana, 2022-2027 ziklorako) Uholde Arrisku Handiko Eremuan (UAHE) sartu da, Deba ibaia herrigunetik igarotzen den tartean. Urak har dezakeen azalera nahiko txikia bada ere, eremu osoan elementu kalteberak daude, batez ere etxebizitzak; beraz, aurreikus daitezkeen kalte estatistikoak esanguratsuak dira (1,6 M €/ urtean), baita eragindako biztanleria ere (209 biztanle/urtean).