Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako beste gai batzuk: Suhiltzaileentzako irratiak , Atotxa Erreka, Igara eta Illarra Berri
Eneko Goia alkateak adierazi duenez, «Toki Entitate Txikia behin betiko eratzeko bidean aurrera egitea ahalbidetzen digun beste urrats bat ematen dugu, behin proiektua onartuta eta jendaurrean ikusgai egoteko epea amaituta, ez baita alegaziorik aurkeztu«.
Orain, Udalbatzak berretsi egin beharko du Gobernu Batzarrak hartutako erabakia, bai eta kontsultarako deialdia, prozedura, egin beharreko galdera eta horrekin lotutako beste xehetasun batzuk ere.
Kontsultarako planteatzen den galdera honako hau da:
Ados al zaude Igeldoko Toki Entitate Txikia sortzearekin?
Erantzun posibleak BAI edo EZ izango dira, eta ezarritako hautestontzian gutun-azal itxi baten barruan sartuko den boto-paper batean adieraziko dira. Emandako botoan erantzunik ematen ez bada, boto zuritzat hartuko da.
Bozketa presentziala izango da, eta 2024ko apirilaren 14an egingo da, 9:00etatik 20:00etara, Itsas Aurre eraikinean (Igeldoko plaza, 4). Deialdia udalbatzak kontsulta egitea onartzen duen unean (2024ko otsailaren 22an, ziurrenik) Igeldoko Toki Entitate Txikirako mugaketaren barruan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsona guztiei egingo zaie.
Aldez aurretik bozkatu ahal izango da 2024ko apirilaren 8tik 12ra, auretiko hitzordua eskatuta Herritarren Partaidetza Zerbitzuaren bulegoetan (Easo kalea 43, 1. eskuina), baina ez da eskuordetutako botoa onartuko.
Bozketa amaitutakoan, mahaiak botoen zenbaketa publikoa egingo du eta emaitza zehaztuko du. Aldeko emaitza izanez gero, espedientea Gipuzkoako Foru Aldundira bidaliko da, Foru Dekretu bidez ebatz dezan.
Emaitza Toki Entitate Txikia eratzearen aurkakoa bada, organo eskudunak jendaurrean eta arrazoituta adieraziko du kontsultaren emaitzak nola eragingo duen proiektuaren bilakaeran.
Suhiltzaileentzako irratiak
Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Tetralogik, SLL-ri esleitzea 23 irrati eramangarri digital eta 10 irrati mugikor digital hornitu eta martxan jartzeko kontratua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren DMR Tier III sareari atxikitzeko, Donostiako suhiltzaileentzako. Materiala entregatzeko epea 8 hilabetekoa da eta aurrekontua 33.940 eurokoa.
Atotxa Erreka
Tokiko Gobernu Batzarrak Sustatuz, SL-ri bigarren esleipena ematea onartu du, Atotxa Erreka eremuko Lurzoruaren Udal Ondareari atxikitako 3 lurzati eraikigarrien 2. lotea (a.500.81 lurzatia) lehiaketa bidez besterentzea, 321.000 euroko prezioan (BEZik gabe).
Esleipen hau Construcciones Goiz Lan SLk, lehen lizitatzaileak, uko egin ondoren egin da. Izan ere, 16.048 euroko behin-behineko bermea konfiskatu zaio, salerosketa-kontratua formalizatzeari uko egin diolako.
Igara eta Illarra Berri
Tokiko Gobernu Batzarrak behin betiko onartu du Igara eta Illarra Berri hirigintza eremuei dagokien Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa, bai eta Erregenea inguruan lursail bat birsailkatzea ere, gune libreen sistema orokorra zabaltzeko.