Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk “deeptech” startupen sorrera babesteko Basque Tek Ventures ekimena aurkeztu dute Mobile World Congress biltzarrean

Euskal Autonomia Erkidegoko ekintzailetza-ekosistemako startupek, erakundeek eta eragileek parte hartu dute, aste honetan, 4YFN (Four Years From Now) topaketan. Nazioarteko startupentzako topaketa nagusietako bat da, eta Bartzelonako Mobile World Congress (MWC) biltzarraren barruan egin da. Eusko Jaurlaritzako, Spri Taldeko, BICeko eta BIND 4.0ko ordezkariak, ekosistemako eragileak eta Euskal Autonomia Erkidegoko 17 startup izan dira bertan, eta Euskadin industriaren arloko berrikuntza eta lehiakortasuna bultzatzeko abian jarri diren startupentzako ekimen arrakastatsuen berri eman dute.

Urtero 90.000 lagun baino gehiago biltzen dituen biltzar honen 10. edizio honetako berritasun nagusia Basque Tek Ventures ekimenaren aurkezpena izan da, hau da, goi-mailako teknologiako “deeptech” startup berrien sorrera eta hazkundea babesteko eta laguntzeko ekimen berria. Venture Builder honek zerbitzu espezializatuen programa osoa eskaintzen du, eta oinarri teknologikoa duten enpresak sortzeko prozesuaren alderdi kritikoenetan jartzen du arreta. Horri esker, enpresa horiek aurrera egin dezakete heldutasun-etapetan eta negozio-eredurainoko bilakaera sustatu eta babestu daiteke.

Bestalde, Up!Euskadik, Euskal Autonomia Erkidegoko ekintzailetza-sistemako eragileei buruzko informazio plataforma irekiak, bere erakusketa-eremua izan du, eta bertan Euskadiko ekintzailetza-sistemaren teknologia nagusiak erakutsi ditu. Erregistratuta dauden 1.020 startupek osatzen dute ekosistema hori.

Horrez gain, zenbait saiotan ezagutarazi dira berritasunak eta ekimenak. 4YFN ekitaldian izan diren topaketen artean, Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendariak Banco Sabadell eta CaixaBank One-en saioetan parte hartu du. Saio horietan, deeptech startupen sorrera bultzatzeko Basque Tek Ventures ekimena aurkeztu dute. Horretarako, martxan dauden potentzial handieneko aktibo teknologikoak identifikatu dira, eta errendimendu handiko taldeak osatu eta konpainiak abiarazten lagundu.

Berrikuntzako 350 proiektu baino gehiago

Eusko Jaurlaritzak azken urteotan abian jarri dituen ekimenen artean, berrikuntza irekiaren aldeko apustu nagusietako bat BIND 4.0ren eskutik etorri da, hau da, Spri Taldearen eta Up!Euskadiren Industria Adimenduneko Plataformaren eskutik. Zortzi edizio arrakastatsu baino gehiago egin ondoren, nazioarteko erreferentziatzat hartzen da BIND 4.0. Duela gutxi International Chamber of Commerce (ICC) enpresa-elkartearen saria jaso du, baita “Mind the Bridge” berrikuntza irekirako plataforma globalaren “Startup Programs” eta “Enpresa Txiki eta Ertainentzako laguntza” kategorietako Industriarentzako Aparteko Laguntzaren saria ere.

Izatez, BIND 4.0k hiru startup-programa ditu sektoreko eraldaketa digitala bizkortzeko. Hauek dira: BIND 4.0 Acceleration Program, erreferentziako enpresekin lankidetzan aritzeko programa; BIND 4.0 SME Connection enpresa txiki eta ertainetan berrikuntza bultzatzeko; eta BIND 4.0 GovTech, Euskadiko sozietate publikoen eraldaketa digitala sustatzeko. Hiru ekimen horiekin, 2016an BIND 4.0 martxan jarri zenez geroztik, guztira 350 proiektu abiarazi dira 220 startupen eskutik.

Euskal Autonomia Erkidegoko 17 startup 4YFN topaketan 

4YFK topaketak iraun dituen 4 egunetan, Up!Euskadiren standean 17 startupek ere parte hartu dute. Startup horiek IoT, adimen artifiziala, big data eta zibersegurtasuna gisako teknologien aplikazioarekin lortu dituzten soluzio disruptiboak erakutsi dituzte. Soluzio horietako batzuek arreta medikoaren efizientzia hobetzeko datuak aplikatzen dituzte, industria-inguruneko aktiboen segurtasuna indartzen dute eta adimen artifiziala erabiltzen dute enpresa-prozesuak diseinatzeko edo optimizatzeko.

Up!Euskadiren agenda 4YFN topaketan

Otsailaren 26tik 29ra:

Iraunkorra – Startupen erakusketa Up!Euskadiren standean, Hall 8.1C54. Parte hartzen dute:

Otsailaren 27a:

  • 10:00 –Eusko Jaurlaritzak gidatutako transferentzia teknologikoko Basque Tek Ventures – Venture Builder” aurkezpena, Banco Sabadell-ekin elkarlanean. Parte hartzen dute:
    • Leyre Madariaga, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendaria.
    • Tristán Shedden, Basque Tek Ventures ekimenaren koordinatzailea.
    • Ainara García Gallastegui, CIC Nanoguneko transferentzia teknologikoko zuzendaria.
  • 11:00 – “Eusko Jaurlaritzak gidatutako transferentzia teknologikoko Basque Tek Ventures – Venture Builder” aurkezpena, CaixaBank DayOne-rekin elkarlanean. Parte hartzen dute:
    • Leyre Madariaga, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendaria.
    • Tristán Shedden, Basque Tek Ventures ekimenaren koordinatzailea.
    • Ainara García Gallastegui, CIC Nanoguneko transferentzia teknologikoko zuzendaria.

Otsailaren 28a:

  • 10:00 – “Up!Euskadi. Euskal Ekintzailetza Sistema” aurkezpena, Grupo Santander-ekin elkarlanean. Parte hartzen dute:
    • Imanol Cuétara, Spriren ekintzailetzako arduraduna
    • Tristán Shedden, Spriren ekintzailetza eta sustapena.
    • David Sagüés Pastor, Safeloc-eko CEO.
    • Carlos Hermosilla, Brandfy.ai-ko CEO.
    • Eriz González de Zárate, Brandfy.ai-eko CTO.
  • 11:15 – Up!Euskadiren pitching-saioa, Pitching Point-ean:
  • 15:00 – “Terapia Digitalak: Erronkak eta Aukerak Balioan Oinarritutako Medikuntzan” mahaingurua, Capital Stand Stage 4YFN-ean – Hall8.1B55