Euskal Herriko Unibertsitateko Lactiker eta Mikroiker ikertaldeek eta Esneki Zentroa-Leartikerrek EZtaphTox proiektua aurkeztu berri dute, Eusko Jaurlaritzaren finantzazioarekin, Berriker deialdiaren bidez. Euskal gazta sektoreari esne gordinarekin egindako gazten elikadura segurtasunaren kontrola erraztea da proiektuaren helburua, tradizioa eta teknologia berriak batuta, kontsumitzaileei ahalik eta produkturik onena eskaintzen jarraitzeko eta prebentzioan inbertitzen diren baliabideak optimizatzeko.
Staphylococcus aureus (S. aureus) bakterioa oso hedatuta dago ingurunean. Animalien eta pertsonen azalean, ilean, sudur hobietan eta eztarrian dago. Animalia zein landare jatorriko elikagaietan ere topa daiteke, eta produktuen berezko mikroorganismoen parte da. Orokorrean kantitate txikiak izaten dira, eta ez dute osasun arazorik eragiten. Dena den, baldintza jakin batzuetan, mikroorganismo horien populazioa handitu egin daiteke eta toxina estafilokoziko izenekoak sortzen has daitezke. Mundu mailan elikagaien bidez transmititzen diren gaixotasunen artean hirugarren garrantzitsuenak dira aipatutako mikroorganismoa eta haren enterotoxinak.
Oso gutxitan gertatzen den arren, esne gordinez egindako gaztek patogeno hori eta/edo haren toxina izan ditzakete. Kontsumitzaileari iristen zaion gazta segurua dela ziurtatzeko helburuz, esne gordinarekin egindako gaztetan toxina estafilokozikoak detektatzeko programa sendo batean parte hartzen ari da artzain artisauen Artzai Gazta Elkartea. Gaur egun, esnearen eta gaztaren laginak aztertzen dira, merkaturatu baino lehen. Prozesu neketsua da, eta kostu altua du ekoizleentzat.
Euskal ekoizleen sektoreari lan hori erraztea da EZtaphTox proiektuaren xedea. Urtebeteko iraupena izango du planak, eta gaztaren egite eta ontze prozesuan zehar toxinaren ekoizpena zer faktorek aktibatzen duten aztertuko du. Halaber, laginak hartzeko eta elikagaia aztertzeko unerik egokienak zein diren identifikatuko du. Aldi berean, toxina sortzen hasteko mikroorganismoetan zer mekanismo genetiko aktibatzen diren aztertuko da, eta arazoak izan ditzaketen loteak detektatzeko markatzaile goiztiar gisa mekanismo horiek erabil ote daitezkeen ere bai.
Eusko Jaurlaritzaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen, Leartiker teknologia zentro espezializatuaren eta EAEko lehen sektorearen konpromisoa erakusten du proiektu honek, elikadura katearen kalitatea eta segurtasuna ziurtatzeko eta kontsumitzaileei produkturik onena eskaintzeko, tradizioa eta teknologia berriak batuta.