Arabako industriako barne-ekintzailetza, izateko arrazoi gisa. Hori da Arabako Industria Ingeniarien Elkargoak (COIIA) SPRI Taldearen ‘Erronka 2030’ egitasmoaren baitan martxan jarri berri duen Mentoring Programaren helburua. Barne-ekintzailetzak Arabako enpresa industrialen edo ingeniaritzen garapenean duen pisu estrategikoa indartzeko proposamen bat da. “Enpresa askok zailtasunak dituzte enpresak etorkizuna izan dezan etengabe aldatu behar duela eta etengabe egoera berrietara egokitu behar duela ulertzeko, eta hortik jaio da proposamen hau”, azaldu zuten orain dela gutxi ‘Made in Basque Country’ ekitaldian Alberto Díazek, COIIAko gerenteak, eta Sergio Gonzálezek, Elkargoko Enpresa Batzordeko kideak.
Zein da Elkargoaren egungo ‘argazkia’?
Ingeniarien Elkargoa ingeniaritza arloko profesionalen elkartea da, eta 450 kide inguru ditu. Elkargokideei zuzendutako zerbitzuak eta jarduerak eskaintzea da elkargoaren zeregin nagusia, baina, aldi berean, erreferentziazko erakunde bat izan nahi du industria-sektoreko edo ingeniaritzarekin lotutako jarduera duten enpresa arabarrentzat.
Testuingurua ulertzeko… zer da mentoringa?
Ingeniarien Elkargoaren ulertzeko moduaren arabera, bi pertsonaren arteko konpromisoa da mentoringa, bizipenak eta esperientziak partekatzeko eta, hala, mentoretza jasotzen duenaren hazkunde pertsonalari eta profesionalari laguntzeko. Ez da ezagutzak partekatzea bakarrik. Kalitatezko elkarrizketak, hazkunde-mentalitatea eta arakatzeko, hazteko eta ezagutzeko aukera hartzen ditu barne.
Zein da programaren edizio berri honen helburua?
Arabako enpresa industrialetan edo ingeniaritza-enpresetan barne-ekintzailetzaren pisu estrategikoa sustatzea da helburua. Horretarako, ekintzailetzan esperientzia duten profesionalak eta/edo erakundearen barruan ideia eta proiektu berriak eta berritzaileak garatu dituzten zuzendaritza-postuetako profesionalak ditu programak. Horiek modu boluntarioan parte hartzen dute mentoringean, eta aholkuak eta laguntza eskaintzen dizkiete mentoretza jasotzen dutenei, modu profesionalean, hurbilekoan eta irekian, ingurune seguru eta zintzo batean.
Eta zer funtzio du mentoreak?
Mentoretza jasotzen dutenak orientatzea eta gidatzea da mentoreen zeregina, barne-ekintzailetzako egitasmoak garatzea haien erakundean jarraitu beharreko ildo estrategiko bat izan daitekeen erabakitzen laguntzeko eta, hala dagokionean, negozio berriak sortzeko plan bat egituratzea eta garatzea komenigarria ote den baloratzeko eta/edo ideia konkretu batentzako negozio-plan bat garatu ala ez erabakitzeko.
Zer testuingurutan sortu zen programa hau?
Enpresa askok zailtasunak dituzte enpresak etorkizuna izan dezan etengabe aldatu behar duela eta etengabe egoera berrietara egokitu behar duela ulertzeko, eta hortik jaio zen proposamen hau. Eta, horrekin lotuta, merkatuan lehiakideekiko posizioa mantentzeko eta/edo hobetzeko produktu eta zerbitzu berriak garatzeko zailtasunak ere eragin zuen sorrera. Ordainetan, mentoretza jasotzen duen enpresaren aldetik parte hartzen duen pertsonak ardura-postu bat (bazkidea, gerentea…) izan behar du erakunde batean (industria-sektorekoa edo ingeniaritzarekin lotutako jardueraren bat duena), eta gutxienez jakin-mina izan behar du barne-ekintzailetzako egitasmoak garatzea haren erakundean jarraitu daitekeen ildo estrategiko bat izan daitekeen aztertzeko eta baloratzeko.
Nola hasi da?
Barne-ekintzailetzaren sustapena enpresen arteko mentoringaren bidez programa 2024an garatuko da, datozen hilabeteetan zehar. Mentore izateko baldintzak betetzen dituzten eta parte hartzeko interesa duten elkargokideak identifikatzea izan da lehenengo pausoa. Programak interesa piztu du, eta dagoeneko Elkargoko hamar pertsonak baino gehiagok agertu dute mentore gisa parte hartzeko prestasuna. Horiek, gainera Elkarrizketa mentoretza-prozesuan, entzute aktibotik harago izeneko prestakuntza jasoko dute, laguntza-prozesuan segurtasun- eta konfiantza-espazio bat eraikitzen ikasteko helburuz.
Nola parte har dezakete interesa duten enpresek?
Une honetan programaren berri ematen ari da Elkargoa, interesa duten enpresek izena eman dezaten eta programan parte hartzea eska dezaten. Horretarako, egitasmoa ezagutzera ematen ari da, bai elkargokideen barne-komunikaziorako kanalen bidez, bai ekintzailetza eta sustapen ekonomikoa bultzatzea helburu duten lurraldeko erakundeen laguntzaz. Mentoreak eta mentoretza jasoko duten enpresak ditugunean, mentorea-enpresa bikoteak egiten hasiko gara. Hala, enpresa bakoitzari mentore bat esleituko diogu, eta konfidentzialtasun-akordioak formalizatuko ditugu. Hortik aurrera, bilerak egiten dira, malgutasun handiz. Bikote bakoitzak erabakitzen du bileren maiztasuna, irismena, iraupena… Normalean, bikote bakoitzak bost eta zortzi bilera artean izaten ditu, gutxi gorabehera sei hilabetetan zehar. Uneoro Elkargoaren babesa izaten dute, eta aurrerapenaren jarraipena egiten du hark modu jarraituan.
Mentoretza jasotzen duen enpresarentzat ba al kosturik programak?
SPRIren Erronka 2030 laguntza du programak. Euskal ekintzailetza-ekosistema bultzatzeko eta hobetzeko proiektuei laguntzea da haren helburua. Horri esker, interesa duten enpresek inolako kosturik gabe parte har dezakete.