% 3 jaitsi da delinkuentzia Euskadiko kaleetan

  • Delinkuentzia presentzialaren aurrez aurre, ziberdelituek beste % 38 egin dute gora
  • Euskadin egiten diren delitu gehien-gehienak ondarearen aurkako delituak dira, batez ere ebasketak (% 31,7) eta ziberiruzurrak (% 18)
  • Deliturik larrienak, pertsonen aurkako delitu presentzialak, delitu guztien % 11 dira, eta tipologiarik ohikoena indarkeria matxista da
  • Horren barruan, sexu-askatasunaren aurkako delituek beste % 24 egin dute gora berriz ere

Eusko Jaurlaritzak Euskal Poliziaren 2023ko Delinkuentzia Memoria egin du eta Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren web-atarietan jarri du. Memoria horrek, urtero bezala, Euskadin gertatu diren eta Ertzaintzak eta 15.000 biztanletik gorako udaletako udaltzaingoek bildu dituzten arau-hauste penalak jasotzen, aztertzen eta alderatzen ditu.

2023an, delinkuentzia presentzialaren mila biztanleko tasak 1,57 puntu (% 3) egin zuen behera, eta ziberdelituenak, aldiz, 3,37 puntu (% 38) egin zuen gora. Zehazki, iaz Euskadin 138.180 delitu erregistratu ziren: 110.473 (% 80) delitu presentzialak izan ziren eta 27.707 (% 20) teknologia berriak erabiliz egindako delituak.

Azken urteetako joerari begiratuta, nahiz eta delitu gehienak Euskadin oraindik ere presentzialak diren, ziberdelituak dira gora gehien egiten ari direnak:

Iaz, mila biztanleko ziberdelinkuentzia-tasak hiru lurralde historikoetan eta hiru hiriburuetan egin zuen gora, baina kaleetako delinkuentzia-tasak, delinkuentzia presentzialak, behera egin zuen Bizkaian, Gipuzkoan eta Bilbon, berdin mantendu zen Donostian eta puntu batzuk gora egin zituen Araban eta Gasteizen:

Euskadiko delinkuentzia-mapa

Delitu-tipologiaren arabera, Euskadin bai modu presentzialean (% 57) bai teknologia berriak erabiliz (% 93) egin ziren delitu gehienak ondarearen aurkako delituak izan ziren: ebasketak, gauzetan indarra erabiliz egindako lapurretak, indarkeria eta beldurra erabiliz egindako lapurretak, kalteak, iruzurrak, eta abar. Bestalde, arau-hauste penal larrienak, hau da, pertsonen aurka egiten direnak (lesioak, era guztietako indarkeria fisiko eta sexuala, koakzioak, mehatxuak, eta abar) delitu presentzialen % 11 eta ziberespazioan egiten diren delituen % 3,5 baino ez ziren izan iaz.

 

Emakumeen aurkako indarkeria

Gizartean sortzen duten alarmaren eta segurtasunik ezaren ondorioz delitu larritzat jotzen diren delituen (pertsonen aurkako delitu presentzialen) % 11 horren barruan, kasu gehienak emakumeen kontra erabilitako indarkeria-kasuak izan ziren, orain arte bezala. Horrela, Ertzaintzaren 2023ko datuen arabera, 6.572 emakumek jasan zuten bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria (genero-indarkeria), familiarteko baten edo bikotekidea ez den bizikide baten indarkeria (etxeko indarkeria) edo indarkeria sexuala beste bi kategorietatik kanpoko egile baten aldetik (sexu-askatasunaren aurkako delituak), eta 2022. urtearekin alderatuta, % 7ko igoera adierazten duten zifrak dira.

Sexu-askatasunaren aurkako delituen kasu zehatzean, gorakada oso handia izan da, % 24koa, eta horren arrazoia da, batetik, “bai bakarrik da bai” izenez ezagutzen den legeak araudian eragin zuen aldaketa eta, bestetik, kontzientzia sozialaren gorakada eta, horrekin batera, salaketa-kopuruarena. Emakumeen kontrako indarkeria-kasu gehienetan egilea ezaguna da eta, hori dela eta, argitzen diren kasuen tasa oso handia da: 2023an, Ertzaintzak kasu horien % 83 argitu zituen eta horien egileak agintari judizialaren eskuetan jarri zituen.

Gorroto-delituak

Eusko Jaurlaritzak urtero egiten du Euskadin izaten diren gorroto-gertakariei eta gorrotoarekin lotuta egiten diren arau-hausteei buruzko txosten zehatza. Txosten hori oraindik bukatu gabe dago, baina lehenengo datuen arabera, nabarmen egin dute behera 2023an: erregistratutako delituak 261etik 224ra jaitsi dira.

Delitu-kategoria horretan, gehienak, gorroto-delituen % 67,8, arrazakeriarekin edo xenofobiarekin lotuta daude. Tarte handi batera, indarkeria-mota horren arrazoirik ohikoenak identitate sexuala (% 14,1) eta orientazio politikoa (% 7,6) dira.