Udaltzaingoak gogorarazi du hirian dron bat erabiltzeko baimena eskatu behar dela

Udalak 46 hegaldi eskaera kudeatu zituen 2023an eta Udaltzaingoak baimenik gabeko 10 hegaldi atzeman zituen

Gero eta dron gehiago ikusten dira hirian, eta eguraldi onarekin dronen begistatzeak handiagoak dira, izan ere, hiriaren irudi ederrak hartzen dituzte, hain zuzen ere, gizarte sareetan biralak egiten diren irudiak. Baina, beharrezkoa da baimena edo tituluren bat izatea hirian horrelako tresnak erabiltzeko?

Hiri-Segurtasun, Suhiltzaile eta Babes Zibileko zinegotzi Martin Ibabek prentsaren aurrean agertu da gaur hainbat zalantza argitzeko, izan ere, gero eta dron gehiago ikusten dira, eta honakoa azpimarratu du: Donostian beharrezkoa da dron bat erabiltzeko baimena eskatzea, bai erabilera komertziala duen grabaketa bat egiteko, hau da, iragarki bat, filme bat edo telebista serie batentzako irudiak hartzeko, baita norberarentzat irudiak grabatzeko ere”.

Jarraibideak

Horren harian, gogorarazi du, 2020ko abenduaren 31tik baldintza gutxieneko batzuk daudela Europako Batasunak araututa, eta horiek hegaldi mota guztiei eragiten dietela – izan erabilera pribaturako, izan erabilera profesionalerako –, dronaren tamaina edo pisua zeinahi den ere. Horiek horrela, honakoa esan du:

  • Ezinbestekoa da dron bat hegan jarri nahi duen pertsona oro AESA Estatuko Aireko Segurtasun Agentzian erregistratua egotea,
  • horrelako tresna bat erabiltzeko gutxieneko pilotu formazioa izatea,
  • ardura zibilaren derrigorrezko asegurua edukitzea, ezarritako
  • arau orokorrak jarraitzea,
  • hainbat lekutan hegan egiteko dauden mugak kontuan izatea,
  • eta distantzia zuzeneko identifikatze sistema izatea.

Behin gutxieneko baldintza hauek beteta, Martin Ibabek, gaineratu du, beharrezkoa dela:

  • lehenik, ENAIRE Espainiako aireko nabigazio kudeatzailearekin dokumentu bateratua egitea,
  • bigarrenik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari hegaldiaren berri ematea,
  • eta azkenik, Udalaren Gune Publikoaren Erabileraren baimena izatea. Azken honek Udaltzaingoari jardueraren berri emango dio, jarraipena egin dezan.

Zehaztapenak, 250gr baino gutxiago duten dronak

Donostiaren kasua berezia da, izan ere, aireportuaren eraginaren eremuan dago. Horrenbestez, dron hegaldi guztiek kontrolatuta eta ENAIREk erregistratuta egon behar dute. Gainera, Martin Ibabek gogorarazi du, debekatuta dagoela pertsona asko dauden lekuetan dron bat erabiltzea.

Era berean, Ibabek adierazi du, 250 gramo baino gutxiago pisatzen duten dronek araudi berdina bete behar dutela, hiria aireportuaren eraginaren eremuan dagoelako. Eta ondorioz, ezarritako segurtasun neurri guztiak bete behar dituzte, hau da, erabiltzaileak beharrezko titulua izatea, ardura zibileko derrigorrezko asegurua izatea, eta pertsonenganako babes neurri egokiak izatea.

  • Dron mota hauek erabiltzen dituzten pilotuek AESAren 1.mailako azterketa gaindituta izan behar dute.
  • Halaber, ezin da drona 120metro baino altuago igo, horizontalean gehienez 50 metro aldendu daiteke,
  • eta ezin da erabili kontrolatutako aire-eremu, aerodromo edo aireportu baten 8 kilometrotako inguruan.
  • Gainera, debekatuta dago dron bat erabiltzea Parke Nazionaletan, fauna babesteko eremutan, edozein Biosferaren erreserbatan edota babestutako natura eremutan.

Baldin eta dron horiek kamera badute, pilotuak kontuan izan behar du

  • Datuen Babesaren Legea ez urratzea, baita petsonen intimintatean eta ohorearen eskubidea,
  • eta ardura zibileko asegurua izatea.

Begiztatzeak eta isunak

Udaltzaingoak azken hilabeteetan dron hegaldi dezente begistatu ditu hiriko hainbat lekutan. Hiri-Segurtasun, Suhiltzaile eta Babes Zibileko zinegotziak esan du, hilabete batean Udaltzaingoak baimenik gabeko 20 hegaldi begiztatu dituela, eta horrek kezka sortzen diela, izan ere, kontrolik eta baimenik gabeko hegaldiak dira.

Urgull, Ulia eta hiru hondartzetan izaten dira begiztatze gehienak, eta Udaltzaingoak arduradunak topatzeko ikerketa zabaltzen duela. Horren harian, Martin Ibabek honakoa esan du: “Oso zaila da komunikatu gabeko hegaldi hauen arduradunak harrapatzea, baina batzuetan ikerketak bere fruituak ematen ditu, eta batez ere, gizarte sareetan jartzen diren irudi eta bideoei esker, edota hegaldiak errepikatzen badira jarraipen zehatzak egiteari esker, legez kanpoko jarduera horien atzean dauden pertsonak identifikatzen dira, hain zuzen ere, isun handiak izan dezakeen legez kanpoko jarduera”.

2023an Udaltzaingoak baimenik gabeko 10 hegaldi atzeman zituen, eta AESAri dagozkion aktak bidali zizkion isuna jar zitzan. Ibabek aditzera eman du, isun horiek:

  • 60 eta 225.000 euro artekoak izan daitezkeela, baldin eta erabilera arrunterako bada,
  • eta 4.500etik gorakoak – eta 225.000 euro baino askoz handiagokoak arte –, baldin eta baimenik gabeko hegaldi horiekin lortutako irudiak erabilera profesionalerako badira.