Layde Steelek isuririk gabe modu berritzailean altzairua produzitzeko aukera sustatu du

Layde Steel SLU altzairua isuririk gabe produzitzeko proiektu berritzaile baten inguruan lanean ari den enpresa da. Fabrikak zibersegurtasun arloko ahalegin handia egin du datuen sistema fabrikatik kanpo jarrita, eta altzairuzko bobinak prozesatzeaz arduratzen da. Horretarako, enpresak SPRI Taldearen Kloud programaren laguntza, jaso du. Programa horrek zerbitzu, datu eta aplikazio informatiko guztiak Cloud eremuetara migratzen laguntzen die EAEko enpresei. SPRI Taldeak EAEko enpresei beren proiektuak ezagutarazteko aukera eskaintzen die “Zutaz mintzo gara” egitasmoaren bidez.

Enpresa 1941ean sortu zuten Durangoko hiru familiak. Ordu hartan, altzairuzko bobinak prozesatzen zituen fabrika eraiki zuten udalerriaren erdigunean. Mende erdialdera, gaur egun enpresa kokatuta dagoen tokira eraman zuten, udalerriaren kanpoaldera, Abadiñorekiko mugan.

1999an, Ingalaterrako British Steel multinazionalak erosi zuen, eta 2007an, aldiz, Indiako Tata multinazionalak xurgatu. Tata milioi bat langile eta zazpi sektoretan banatuta 98 enpresa dituen multinazionala da. “Gu altzairuaren dibisiokoak gara: Tata Steelekoak”, azaldu dute Fernando Espadak, Layde Steel SLUren gerenteak, eta María Luz Díazek, TI arloko zuzendariak.

Enpresak altzairuzko bobinak prozesatzen ditu bezeroen beharren arabera: ijezketa, mozketa zabaleretan edo beste era batzuetako zehaztapenak. “Enpresa batzuek kazolak edo zartaginak fabrikatzen dituzte gure altzairuekin; automobilgintzan, aldiz, batez ere txasisak eta esekidurak egiten ditugu. Gainera, soldatutako hodi konbentzionalak edo doitasunekoak, etxetresna elektrikoetarako eta labeetarako piezak, eta biltegi logistiko handietarako egitura metalikoak eskaintzen ditugu”.

Automobilgintza

Batez ere automobilgintzaren sektorerako egiten dute lan; hain zuzen ere, haien negozioaren % 75 biltzen du. Gaur egun, altzairuaren lerro berritzailean sartuta daude, zero isuriekin. “Enpresa deskarbonizazio-prozesuan sartuta dago CO2ren produkzioaren araberako tasak eskatzen dituen Europako araudia dela eta. Horrek lehiatzea eragozten du CO2rik isurtzen ez duen altzairua egin ezean”.

Aurreikuspenen arabera, isuririk gabeko altzairuaren eskaria handitu egingo da “eta Europan dagoeneko lasterketa abian da, nork egingo duen ikusteko, nahiz eta produktu garestiagoa izan”. Enpresa hasi da produktu mota hori isuri gutxirekin produzitzen. Orain, tona bat altzairuk bi tona CO2 sortzen ditu, eta “dagoeneko 200 kilo arteko jaitsierak ziurtatzea lortu dugu”.

Layde Steelek 145 langile ditu Durangoko lantegian eta haren urteko fakturazioa 200 milioi euro ingurukoa da. “Batez ere Espainian eta Portugalen saltzen dugu, baina baita Frantzian, Italian, Alemanian, Erresuma Batuan eta Hegoafrikan ere”.

SPRI Taldearen Kloud programaren laguntza fabrikatik kanpo segurtasun-kopia bat sortzera bideratu da, eta dagoeneko martxan dago. “Gure zentralak eraso zibernetikoen aurkako sistemak indartzearen aldeko apustua egin zuen duela bi urte eta, horrekin lotuta, Festung (gotorlekua, alemanez) izeneko proiektua sortu zuen. Urtebete baino gehiago eman dugu enpresako arlo guztiak biltzen dituen proiektu hau garatzen, eta puntuetako bat segurtasun-kopiak indartzea eta sekurizatzea izan da. Fabrikan dugun segurtasun-sistema bikoiztuta dugu, eta kanpoan beste kopia bat jarri dugu, segurtasun-neurri gehigarri gisa”.

Enpresaren ustez, sistema horien funtsezkoak dira “segurtasun handiagoa ematen digulako. Interneten bi motatako erabiltzaileak daudela ikusten dugu: datuak galdu dituztenak eta datuak galduko dituztenak. Horregatik, zibersegurtasuneko programa zorrotz bat dugu, fabrikatik kanpo kopia bat eta beste hiru kopia barruan dituena”.

Etorkizuneko erronkak Iberiar penintsulan Tata Steel taldearen buru gisa finkatzea eta “produktuaren teknologiari esker, isuririk gabeko altzairua barne, gure lehiakideengandik bereiztea izango da”.