Aparkalekua egokitzeko lanak astelehenean hasiko dira, eta 2 edo 3 astez luzatuko dira, eguraldiaren arabera
Donostiako Udalak Igarako lurazaleko aparkalekua egokitu eta arautuko du. Helburua da ibilgailuen txandakatzea handitzea eta ekainetik aurrera disuasio-aparkaleku izatea.
Hortaz, behin egin beharreko lanak amaituta, Bernardo Estornes Lasa kaleko aparkalekuak – El Diario Vasco egunkariaren lehengo egoitzaren aurrean dagoen aparkalekua – doakoa izaten jarraituko du, baina Udalak arautuko du eta, ondorioz, gehienez auto batek 24 orduz aparkatuta egon ahal izango du, ibilgailuen txandakatzeari laguntzeko.
Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotzi Olatz Yarzak azaldu du, Udala lanean ari dela mugikortasun arloan konponbideak emateko, bereziki, udako aste konplikatuenetan sortzen diren mugikortasun arazoei. Horiek horrela, honakoa gaineratu du: “Aparkaleku honen kokapena egokia da disuasio-aparkaleku izateko, izan ere, garraio publikoarekin lotura zuzena du. Gainera, erabaki honi esker, auzotarrentzako zein inguruan lan egiten duten pertsonentzako aparkaleku eskaintza hobetuko da”.
Aparkaleku honek 220 plaza ditu eta garraio publikoarekin lotura zuzena du, bai hiri barneko (Dbusen segidako lineak: 05, 25, 27, 35, 40, 43, 45, 47, B1, Unibertsitateak) zein hiriarteko garraio publikoarekin.
Aparkalekua librea eta doakoa izango da, baina kamera batek kontrolatuko ditu bertara egiten diren sarrera eta irteera guztiak. Kamera horrek ibilgailuen matrikulak irakurriko ditu bai sarreran, baita irteeran ere. Baldin eta ibilgailu batek 24 ordu baino gehiago aparkatuta egongo balitz, ibilgailuaren jabeari isuna ezarriko zaio.
Egokitzapen lanak
Aparkalekuaren egokitzapen lanak 2 edo 3 astez luzatuko dira, eta lan horiek egiteko ezinbestekoa da aparkalekua hutsik egotea maiatzaren 19tik, igandetik, 17:00etatik aurrera.
Hurrengo egunetan apakatzea debekatzen duten seinaleak jarriko dira. Beraz, Udalak bertan ibiligailuak aparkatuta dituzten pertsonei eskatzen die, ibilgailuak bertatik ateratzeko aipatutako data baino lehen. Maiatzaren 19an, 17:00etatik aurrera aparkalekuan jarraitzen duten ibilgailuak garabiak eramango ditu.