Euskal Etxeetako 1.000 gazte inguruk hartu dute parte 1996an sortu zen ekimen honetan
Gaur bertan, Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak aurtengo Gaztemundu deialdia baimendu du; Euskal Etxeetako gazteek Euskadin egonaldi bat egitea da egitasmo honen xede nagusia.
Aurtengo edizioak “euskal dantza tradizionala” hartu du ardatz, eta, egonaldi hauen bitartez, euskal Diasporako gazteak euskal dantzen irakaskuntzan trebatzea bilatzen du programak, gazte horien prestakuntzak mundu zabalean barreiatuta dauden Euskal Etxeetako funtzionamenduan eragin positiboa izan dezan.
Zehatz-mehatz, 18 eta 35 urte arteko 15 gazte etorriko dira Euskadira, irailaren 15etik 29ra bitartean.
Euskal Etxeek modu telematikoan aurkeztu ahalko dituzte euren eskaerak, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoan horretarako eskura ipinitako eskabide eta ereduak eta bertan jasotako jarraibideak kontuan hartuta.
Hautagaitzak aurkezteko eta horren ondorengo izapide guztiak bideratzeko, BAK izeneko identifikazio eta sinadura elektronikorako doako sistema erabili beharko dute.
Basque Country Estrategiak Euskadi kanpoan proiektatzea du helburu, eta Gaztemundu egitasmoa 1996an sortu zuen Eusko Jaurlaritzak, Basque Country egitasmoaren baitan, bi xede nagusirekin: alde batetik, Euskadiren egungo errealitatea ezagutzera ematea, bere aurpegi guztiak kontuan hartuta; eta, bestetik, belaunaldi berriei euren Euskal Etxeen egunerokoan bertakotzen laguntzea.
Gaztemundu ekimena sortu zenetik, gutxi gorabehera, 1.000 gaztek hartu dute parte (gehienak Argentinakoak); gaur egun, gazte horietako asko eta asko euren Euskal Etxeetako zuzendaritza-taldeetan edo ardura-postuetan daude.