Euskarabideak «Euskera ahora» kanpaina berria abiarazi du, toki-entitateekin eta gizarte-eragileekin batera, helduek euskaraz ikastea sustatzeko

Nafarroako Gobernuaren Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Ana Ollo lehendakariordeak zuzentzen duenak, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuaren bidez, euskararen ikaskuntza sustatzeko «Euskera ahora» urteroko kanpaina antolatu du, 35 toki-entitaterekin eta helduei euskara irakasteko sektoreko eragileekin batera: Zubiarte euskaltegi publikoarekin, hizkuntza-eskola ofizialekin eta AEK, IKA eta Bai & by gizarte-ekimeneko erakundeetako euskaltegiekin. Azken urteotan matrikulak etengabe igo dira eta, ekimen bateratu horri esker, urtero 5.550 heldu baino gehiago trebatzen da euskaraz.

Gaurkoan, honako hauek aritu dira kanpainaren aurkezle: Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzailea; Marta Díez Ansoáin / Antsoaingo Udaleko alkatea, kanpainan parte hartzen duten toki-entitateen ordezkaria; eta Aitziber Garralda IKAko irakaslea, gizarte-ekimeneko euskaltegien ordez. Aurkezpenean hizlariekin batera izan dira, halaber, Marisa Zubiri, Zubiarte euskaltegi publikokoa; Jaume Gelabert, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakaslea; eta AEK ordezkatuz, Beatriz Buldain eta Xabier Gartzia.

Kanpainak herritarrak, gazteak batik bat, euskara ikastera bultzatzea du helburu, euskararen ikaskuntza bizipen eta aukera berriak eskaintzen dituen aukera erakargarri gisa agertuz. Aurkezpenean, kanpaina abian jartzeko Nafarroako Gobernuaren, toki-entitateen eta gizarte-eragileen arteko lankidetza eta adostasun handia nabarmendu da.

Sustapen kanpaina irail osoan eginen da. Horretarako, hedabide planean honako hauek eginen dira: iragarkiak txertatu sare sozialetan, markesinetan, NUPen Arrosadiko Campusean, egunkarietan nahiz tokiko aldizkarietan; informazio-orriak banatu; eta irrati-iragarkiak eman irrati orokorretan. Izen ematea sustatzeko bideoak ere zabalduko dira. Kanpaina honetan 75.000 euro inguruko inbertsioa egin da.

Irakaskuntza egokitua, publiko anitz bati erantzuteko eran

Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak honako hau nabarmendu nahi izan du: «kanpaina honen helburua Nafarroako biztanle gehienak ukitzea da: hala euskara inoiz ikasi ez dutenak, nola noizbait zertxobait ikasi dutenak; hala Nafarroan sortuak, nola beste erkidego batean nahiz atzerrian sortuak baina Nafarroara etorri direnak. Herritar guztiak euskarara hurbiltzera animatu nahi ditugu”.

Horretarako, aurten, kanpainak euskara jakiteak eskaintzen dituen bizipen berriak eta ematen dituen aukerak azpimarratu ditu. Mezuak: «Ez galdu une hau. Ez galdu aukera hau «euskaraz bizi daitezkeen lau egoerari lotuta agertzen dira. «Kanpainak, herritar guztiei zuzenduta badago ere, gazteengan jartzen du arreta, eta karteletan egoera aberasgarriak edo euskarari esker zabaltzen diren aukerak erakusten dira: seme-alaba txikiekiko harremana, lagun berriak, lan-aukerak, euskarazko kultura-eskaintza zabalaz gozatzea, etab.».

Euskarazko irakaskuntza doakoa izateko urrats berriak

Nafarroako Gobernuak laguntzetara bideratutako diru funtsak handitu ditu, euskarazko irakaskuntzaren doakotasunerantz aurrera egiteko asmoz eta herritarrek hizkuntza hori jakiteko duten eskubidearekin bat.

Euskara ikasten duten helduentzako laguntzei dagokienez, deialdiak 360.000 € aurreikusten ditu, iaz baino 10.000 € gehiago, onuradunak urtetik urtera gorantz baitoaz. 2022-2023 ikasturtean 1.165 pertsonak jaso zituzten dirulaguntza horiek; 2023-2024 ikasturtean, aldiz, 1.250 lagun baino gehiagok. Euskaltegientzako laguntzei dagokienez, 2024-2025 ikasturterako deialdiak 2.700.000 euroko aurrekontua du, aurreko ikasturtean baino ia 240.000 € gehiago, hain zuzen ere.

Toki-entitateen lankidetza

Toki-entitateen ordezkariak, Marta Díez Antsoaingo alkateak, hitza hartu eta nabarmendu du udalek, mankomunitateek eta batzar nagusiek, euskara zerbitzuen bidez, koordinatuta lan egiten dutela euskararen erabilera normalizatzeko eta sustatzeko. Normalizazio horren helburu estrategikoetako bat da, hain zuzen ere, euskaraz dakiten nafarrak gero eta gehiago izatea, eta horretarako, helduek euskaraz ikastea sustatzea. Horregatik, duela bi hamarkada baino gehiago, matrikulazio-kanpainak egin eta dirulaguntzak eskaintzen dituzte euskaraz ikasteari laguntzeko.

Halaber, Díez alkateak aipatu duenez, udaletako euskara zerbitzuek elaide.eus webgunea dute, bai euskara ikasten ari direnentzat eta hobeki ezagutu nahi dutenentzat, bai hizkuntza horretan bizi nahi dutenentzat. Bertan, prozesu horietan sartuta dauden pertsona guztientzat erabilgarriak diren baliabideak eta informazioa eskaintzen dira.

Azkenik, 35 toki-entitateen izenean, herritar guztiak «euskaltegian euskara ikasteko abentura bizitzera” gonbidatu ditu, “euskara ikastea bizitasun handiko sentsazio, emozio eta esperientziez beteta dagoen zerbait baita, gozatzea, haztea eta partekatzea ahalbidetzen diguna».

Gizarte ekimeneko erakundeen lana

Euskara irakasteko gizarte-ekimeneko ikastetxeen izenean, Aitziber Garralda IKAko irakasleak azpimarratu duenez: «ikasturte berri bati ekin nahi diogu. Azken urteotako joerak, gainera, biziki animatzen gaitu, Nafarroa osoan jende gehiago hurbiltzen ari baita euskaltegietara».

Orobat, gogorarazi nahi izan du euskaltegiek bost hamarkada daramatzatela Nafarroan euskara irakasten, euskarazko hiztunak sortzen, nafarrak euskaraz bizi daitezen bultzatzen eta euskarazko kultura zabaltzen.

Informazioa eta laguntzak

Zazpigarren urtez jarraian, Euskarabideak abian jarri du ikasleei zuzendutako laguntzen deialdia, 2024-2025 ikasturtean ikastaro estentsiboak, trinkoak, barnetegiak eta autoikaskuntzako ikastaroak egiteko. Euskarazko irakaskuntzaren doakotasunerantz aurrera egiteko, ikasleek jasotzen dituzten dirulaguntzak % 20 handitu dira. Hori horrela, deialdira aurkezten diren euskara ikasleek 475 € bitarteko dirulaguntzak lortzen ahal izanen dituzte, eta gainera, dirulaguntza hori toki-entitateek ematen dituztenekin bateragarria da.

Euskara ikasteko dirulaguntzak eskatzeko epea urriaren lehenean zabalduko da, eta abenduaren 2an amaituko.

Interesa duten ikasleei informazioa emateko ondoko webgunea gaitu da: euskaraikasi.nafarroa.eus / aprendeeuskera.navarra.es. Bertan, Nafarroan euskara ikasteko ikastegi publikoei eta gizarte ekimeneko euskaltegiei buruzko informazio osoa, bai eta ikaskuntzarako laguntzak eta laguntza horiek eskaintzen dituzten herrien zerrenda ere agertzen da. Halaber, elaide.eus webguneak euskara ikasteko informazioa eta baliabideak eskaintzen ditu. Bestetik, irailean, 012 telefono bidezko arreta zerbitzuak eskaintzari eta laguntza horiei buruzko informazioa emango du, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 19:00etara.