Donostiako Udalak hasierako onarpena eman dio Añorgako Geltokiko Urbanizatzeko Jarduketa Programari

Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako beste gai batzuk: Zuhaitzak, Osasuna, Suhiltzaileak

Donostiako Udalak hasierako onarpena eman dio Añorgako Geltokia azpieremuko Urbanizatzeko Jarduketa Programari. Programa horren jarduketa integratuko eremua 31.164 m²-koa da, eta Añorga hiribideko lursail batzuk atxikitzen zaizkie, bertan aurreikusitako urbanizazio-obrak egiteko.

Eneko Goia alkateak gogorarazi duenez, «Añorgako Geltokia garatzeko lanak hasteko azken izapideetako bat da, 248 etxebizitza unitate inguru eraikitzeko bidea emanez; horietatik 46 babes sozialeko etxebizitzak izango dira, 46 etxebizitza babestu tasatuak eta 156 etxebizitza libreak, ingurunerako beste hobekuntza batzuez gain«.

Urbanizazio-aurreproiektuak 6.616.061 euroko aurrekontua aurreikusten du Añorga Txikiko hirigunean integratutako bizitegi-garapen berria egiteko, eremuaren zuzkidurak birkualifikatzeko ekipamendu berriak antolatuz, plaza eta igogailu berri batekin, Añorgako errekastoa aire zabalean irekitzeko gaur egun lurperatuta dagoen zatian, eta EuskoTrenen geltokia Añorga Txikira hurbiltzeko.

Zuhaitzak

Tokiko Gobernu Batzarrak hiri eremuko zuhaitz arriskutsuetako jarduketen proiektu eguneratuari dagozkion obren kontratazio espedientea onartu du, 611.452 euroko lizitazio aurrekontuarekin eta 12 hilabeteko egikaritze epearekin.

Proiektu honetan, hiriko 25 kokagunetako (etorbideak, parkeak eta kaleak) zuhaiztietan egin beharreko jarduketa batzuk definitu dira, eta trafikoarentzat, oinezkoentzat eta ondoko eraikinentzat duen arriskua ebaluatu da. Era berean, arriskua arintzeko irtenbideak proposatzen dira: inausketa, ipurditik moztea edo trakzio naturalaren kontrola.

Osasuna

Tokiko Gobernu Batzarrak hiriko osasun diagnostikoa egiteko kontratazioaren espedientea onartu du, 24.200 euroko lizitazio aurrekontuarekin eta 6 hilabeteko egikaritze epearekin.

Kontratuaren xedea Donostiako Osasun Diagnostikoa dokumentua diseinatzea eta egitea da. Dokumentu horretan, Donostiako biztanleen osasunaren eta osasun-desberdintasunen determinatzaileei buruzko azterlan zientifiko eta ikerketa baten emaitzak jasoko dira.

Suhiltzaileak

Tokiko Gobernu Batzarrak Donostiako SPEISerako furgoi-ibilgailu bat hainbat tresnaz hornitzeko kontratazioaren espedientea onartu du. Lizitazioaren aurrekontua 365.000 eurokoa da eta gauzatzeko epea 12 hilabetekoa.

Tokiko Gobernu Batzarrak, aldi berean, landako autobonba arin baten hornidura kontratatzeko espedientea onartu du, 285.000 euroko lizitazio-aurrekontuarekin eta 12 hilabeteko egikaritze-epearekin.

2024/09/03-an argitaratua