YOiD: “NANa eskuan eta sinatzeko boligrafoa duen erabiltzaile baten baliokide digitala gara”

Gaur egun, gero eta operazio eta ondasun-kontratazio gehiago egiten dira online, eta enpresa eskaintzaileek erabiltzaileak modu fidagarrian egiaztatu behar dituzte. Iruzurra hazi besterik egiten ez duen ingurune batean, ezinbestekoa da, online bidez lan egitean, egiaztatzea enpresarekin tratatzen ari den pertsona dela eta/edo ezaugarri jakin batzuk betetzen dituela. Oihartzun handia izaten ari den arazo horren adibide da sektore jakin batzuetan harpidedunen adin-nagusitasuna kontrolatu beharra. 

Identifikazio fidagarriaren arlo horretan lan egiteko helburuarekin, YOiDk hainbat soluzio merkaturatu ditu. Enpresa hori Fintech bat da, ordainketa-baimena duen erakunde bat, Bilbon kokatua, eta, ordainketa-zerbitzuak eskaintzeaz gain, identifikazio-zerbitzuak eta sinadura digitala ere eskaintzen ditu. Espainiako Bankuak arautu eta ikuskatutako erakundea da. 

Soluzioak, ordainketen erregulazioan ezarritako prozeduren bidez, aukera ematen dio online bankako kredentzialak dituen edozein pertsonari bere nortasuna egiaztatzeko edozein enpresaren edo administrazio publikoren aurrean, kanal digitalen bidez aritzean. “NANa eskuan eta sinatzeko boligrafoa duen erabiltzaile baten baliokide digitala gara”, adierazi du Eduardo Avendañok, YOiD-ren bazkide sortzaileak. “Bideo-identifikazioaren alternatiba gara. Gure soluzioa errazagoa, berehalakoagoa, gailu anitzekoa da, eta ez du bideo-identifikazioko metodoak ondoren baliozkotzeko duen eragozpenik”. 

Dokumentuen sinadura aurreratua edo kualifikatua (eIDAS araudia) egiteko aukera ere ematen du YOiDk, erabilera bakarreko cloud ziurtagiri digitalen bidez. “Erabiltzaileak ez du ezer egin behar, ez du ziurtagiririk instalatu behar, ezta inolako ezagutza teknikorik izan ere, besterik gabe bere bankua aukeratu eta bere kredentzialekin identifikatu”, azaldu du Eduardo Avendañok. Bestalde, zerbitzu baten erabiltzaile izan daitekeen pertsona baten adin-nagusitasuna egiaztatzea ere errazagoa da beste metodo batzuekin baino, eta YOiD blockchain azpiegitura prestatzen ari da. Azpiegitura horri esker, ‘zero knowledge proof’ prozeduren bidez, erabiltzaile batentzat adin-nagusitasunaren egiaztagiri bat sor daiteke. 

Gainera, kontuaren titularren online egiaztapena ere eskaintzen du. “Online egiaztatu dezakegu izen bat eta NAN bat banku-kontu baten titularrak direla. Banku-kredentzialik gabe, erabiltzailearen baimenarekin soilik bidaltzen dizkiogu datu horiek titulartasuna online baliozkotzen digun kontua jaulkitzen duen bankuari. Aurrerantzean ez zaie erabiltzaileei kontuaren titulartasun ziurtagiririk edo ordainagiririk eskatu beharko. Banku-titulartasuneko online ziurtagiri baten baliokidea da”, adierazi du bazkide sortzaileak. 

Gaur egun, YOiDko lantaldea 8 langilek osatzen dute, eta bere ibilbidean zehar SPRI Taldearen laguntza jaso du hainbat esparrutarako, Ekintzaile eta Industria Digitala programen bidez. Datozen hilabeteetarako helburua da bezero-oinarri bat finkatzea, bere soluzioekin. “Xede-sektore nagusietako soluzioak ezagutzera ematen ari gara, erantzun onarekin. Behin helburu nazional hori lortuta, gure anbizioa Europan nazioarteko hedapena hastea da, gure ordainketa-lizentzietarako pasaporte komunitarioak erabiltzea oinarri hartuta. Horrekin, EBko edozein herrialdetan jarduera eta presentzia izan dezakegu”, azaldu du Eduardo Avendañok.  

SPRI Taldearen helburuetako bat euskal enpresen eraldaketa digitala da. Besteak beste, Smart Industry, BDIH Konexio, Zibersegurtasun Industriala, Enpresa Digitala edo Inplantalariak laguntza-programen bidez bultzatzen du.