Osakidetzak Boluetan Osasun Zentro berria eta handiagoa eraiki ahal izateko tramitazio urbanoa hasiko du Bilboko Udalak

Bilboko Udalak argi berdea eman dio Bolueta auzoko San Joakim kaleko 2. zenbakian dagoen lurzatiaren xehetasun-azterlanaren hasierako onarpenari, Osakidetzak aurkeztutako informazioaren arabera.  Izan ere, lurzati horretan, Sagarminaga kalearekin bat egiten duen tokitik hurbil eta Karmelo ikastolaren ondo-ondoan, Osakidetzak osasun-zentro berria, handiagoa eta modernoagoa eraikitzea aurreikusi du.

Horrela azaldu dute gaur goizean  Bilboko udaleko Hiri Plangintza, Proiektu Estrategiko eta Espazio Publikoko zinegotzi Asier Abaunzak eta Osakidetzako Ekonomia eta Finantzetako zuzendari Xabier Ibarzabalek.

Abaunzak adierazi duen bezala, Udaleko Gobernu Batzarrak, gaur goizean egindako bilkuran, ontzat eman du aipatutako xehetasun-azterlanaren hasierako onespena. Bere hitzetan, azterlan horren helburua da Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak ekipamendu publiko gisa kalifikatutako lurzati horretarako ezarritako antolamendu xehatua egokitzea, eta, horrela, osasun-zentroa eraiki ahal izatea.

Instalazio berriek aukera emango dute gune egokiago, zabalago eta erosoago bat izateko, auzo horretako biztanleei arreta emateko, azken urteotan nabarmen hazi baita. Ildo horretan, Ibarzabalek, Osakidetzako Ekonomia eta Finantzetako zuzendariak, honako hau adierazi du: «Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarentzat eta Osakidetzarentzat lehentasunezkoa da lehen mailako arretan inbertitzen jarraitzea eta osasun-azpiegiturak hobetzen joatea, pazienteei egunero eskaintzen dizkiegun kalitate-kotei eutsi ahal izateko».

HAPOk, oro har, beheko solairua eta bost solairu dituen eraikin bat aurreikusten du.   Gainera, xehetasun-azterlanari Udal Plangintzako Sekzioak egindako txostena erantsi zaio. Bertan adierazten denez, egingo den ekipamendu sanitarioaren eraikuntza-prozesua San Joakim kaleko lurzatiaren aurrealdeko sestretara egokitu beharko da. Eta lurzatiaren aurrealdea urbanizatzeko obra osagarriek hiru metroko pasabide libreko espaloiak izan beharko dituzte Karmelo ikastolarantz, indarrean dagoen HAPOn aurreikusitako beste hirigintza-zehaztapen batzuen artean.

IZAPIDEAK

Hasierako onespena eman ondoren, BAOn eta udalaren webgunean argitaratuko da.  Une horretatik aurrera, jendaurrean jarriko da hogei egunez, interesdun guztiek azter dezaten eta, egoki iritziz gero, alegazioak aurkez ditzaten.  Horrela, esaterako, erabakiaren berri emango zaie Sagarminaga kaleko 36 eta 38 zenbakietako jabe-erkidegoei, horiek baitira xehetasun-azterlanaren xede den partzelaren mugakideak.

Era berean, eta sektorekako alderdiei dagokienez, xehetasun-azterlana bidali zaio Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiari, dagokion txostena egin dezan.

Hala ere, ez da beharrezkoa izango beste alderdi sektorial batzuk izapidetzea, hala nola ingurumen-ebaluazioa, jasangarritasun energetikoaren azterketa, genero-inpaktuaren ebaluazioa edo hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioa.

ETORKIZUNEKO OSASUN-ZENTROA

Osasun-zentro berria 917 m2-ko lurzati batean kokatuko da, San Joakim eta Sagarminaga kaleen elkargunean, eta 2.078 m2-ko azalera eraiki erabilgarria izango du –egungo zentroa baino % 240 handiagoa izango da–, 6 solairutan banatuta (behekoa, lehena, bigarrena, hirugarrena, laugarrena eta estalkia). Lehenengo 5 solairuak osasun-arretarako erabiliko dira.

Osasun-arreta hori emateko, zentroak pediatriako 8 kontsulta –espezialitate horretako 4 kontsulta mediko eta erizaintzako 4 kontsulta–, emaginen kontsulta 1 eta erditzea prestatzeko gela 1 izango ditu.  Bestalde, helduen osasun-arreta 22 kontsultatan banatuko da: 11 familia-medikuntzakoak eta beste 11 familia-erizaintzakoak. Kontsulta horiez gain, zentroak larrialdietako gela, proba funtzionaletarako gela, odola ateratzeko gela eta sendaketa-gela izango ditu.

Zentroak jasangarritasun energetikoko irizpide guztiak hartzen ditu kontuan, ez baita ia energia-kontsumorik egongo (A sailkapen energetikoa). Aerotermian eta panel fotovoltaikoen bidezko energia elektrikoaren ekoizpenean oinarritutako ekoizpen termikoko sistemak izango ditu gainera.

Guztira, Osakidetzak 9 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu eraikuntzan (9.185.000 euro), inguruko 11.000 biztanleentzako arreta hobetzeko.

Epeei dagokienez, obra lizentzia lortu ondoren, obrak 23 hilabeteko egikaritze-epea izango duela kalkulatzen da, ekipamendua barne.