Bilboko Ingeniaritza Eskolako BiSKY Team ikasle taldeak zortzigarren postua lortu du EROSekin, bere proposamen aeroespazial berriarekin, EuRoC (European Rocketry Challenge) lehiaketan, Portugalen, parte hartzen zuen lehen aldia izanda.
EuRoC koheteria proiektuetan lan egiten duten Europako unibertsitateko ikasle taldeei zuzenduta dago. EROS izan da UPV/EHUko taldeak aurkeztu duen proiektua, 7 kilometro inguruko goraldia lortu duena, horrela, taldearen historian urrutien iritsi den suziria izan da.
Bisky Teamek jaurtitako aurreko suziria bezala, EROS suziri modular bat da, hau da, konfigurazio espezifiko bat osatzeko muntatzen diren modulu independentez osatuta dago. Modulu bakoitzak funtzio espezifiko bat du: batek motorra du; beste batek, berriz, abionika eta haren berreskuratze-sistema, bi jausgailuz osatua. Horrek badu abantaila bat: modulu bakoitza berrerabilgarria da, eta, behar izanez gero, ordezkagarria. Horri esker, suziria egoerara molda daiteke, eta mantentze-prozesua erraztu.
Bisky Team, sektore aeroespazialaren gorakada
Bisky Team 2017-2018 ikasturtean jaio zen, Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Harrezkero, bederatzi suziri egin ditu, eta hiru suziri motor ere sortu ditu. Taldearen hazkundea esanguratsua izan da azken urte honetan, eta hori, Bisky Team proiektuaren arduradunen iritziz, sektore aeroespazialaren gorakadari esker izan da. Ondorioz, taldeak erronka berriei aurre egin ahal izango die, eta zubi bat emango die taldekideei, proiektua babesten duten erakundeen eskutik.
Gaur egun, lantaldea zentroko hainbat prestakuntza-ildotako 68 ikaslek osatzen dute, eta sei azpitaldetan banatuta dago, taldean egiten dituzten zereginen arabera: Propultsioa, saiakuntza-bankuetan probatzen diren motorren garapenera bideratua; Aerodinamika, suzirien gainazal aerodinamikoen diseinuaz arduratzen dena; Egitura, suzirien eta egitura osagarrien egitura-elementuen diseinu mekanikoaz arduratzen dena; Abionika, ontziko elektronikaren hardwarea eta softwarea garatzeaz arduratzen dena; Kontrola eta Simulazioa, saiakuntza-bankuen instrumentazioaz eta simulazioaz arduratzen dena.