PRUEBA
- Imanol Pradales Lehendakariak “Euskadiren gaitasun politikoak eguneratu eta hobetzeko beharra” defendatu du Aldebiko Lankidetza Batzordearen lehen bileran
- Bi eskumen berri eskualdatzea onartu da: Itsasertzaren Antolamendua eta Kudeaketa eta Jarduera Zinematografikoa eta Ikus-entzunezkoa. Eskualdaketa abenduaren 16an gauzatuko da Transferentzien Batzorde Mistoan
Imanol Pradales Lehendakariak gaur defendatu duenez, “egungo egoera eta Euskadik aurrean dituen erronkak ikusita, argi dago gure autogobernua hobetu behar dugula. Ongizatean hazten jarraitzeko eta euskal gizartearen bizi-kalitatea hobetzeko ditugun gaitasun politikoak eguneratu, zabaldu eta hobetu behar ditugu. Ezinbestekoa da erronka demografikoari, migrazioaren kudeaketari, gure garapen ekonomiko-industrialari, Euskadik Europan duen rolari, euskarari edo Kataluniako Estatutua betetzeari berme osoz aurre egiteko”.
Mezu hori azpimarratu Pradalesek du Aldebiko Lankidetza Batzordean. Batzorde hori lehen aldiz batzartu da gaur “gure gobernuei eragiten dieten gai garrantzitsuak aztertzeko. Lehen aldia da Lehendakari bat eta Espainiako Gobernuko presidente bat, bi arduradun nagusiak, esparru horretan biltzen garena. Aldebiko Batzordea deitu dugu, bi helburu nagusiri erantzuteko. Alde batetik, Europari, migrazioari eta euskarari buruzko funtsezko gaietan aurrera egiteko eta, bestetik, Gernikako Estatutuan zintzilik dauden gaiak osatzeko”. Hala, Lehendakariak Pedro Sánchez presidenteari aipatutako gaien “egoera eta horietan garatu beharreko ekimenak” jasotzen dituen dokumentua helarazi dio.
Europako eremuari dagokionez, bi gobernuek “konpromiso sendoa” hartu dute “Atlantikoko Makroeskualdearen sorrera bultzatzeko. Atlantikoko ardatza agenda europarraren erdigunean jartzeko aukera bat da”. Helburu horri erantzuteko, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du, Lehendakariak jakitera eman duenez, “2025aren hasieran Frantzia, Portugal eta Espainiako Europar Batasunerako estatu-idazkarien arteko hiru aldeko bilera bat antolatu eta hartzeko Bilbon, eta apirilean Arku Atlantikoaren Batzar Nagusian Makroeskualde Atlantikoa sortzeko ibilbide-orri bat aurkezteko”.
Bestalde, Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu du Frantziako, Irlandako eta Portugalgo Gobernuetako Atzerri Ministerioen aldeko jarrera bultzatzeko eta adosteko, eta Makroeskualdeari buruzko memoranduma aurkezteko Gai Orokorren Kontseiluan, Kontseilu Europarrak 2025eko lehen seihilekoan Poloniako Presidentetzapean Agindu bat eman dezan.
Bigarren gaia migrazioaren kudeaketa izan da. “Azken hamarkadan ia 100.000 migratzaile iritsi dira Euskadira. Eta gora egingo duen fenomenoa da. Euskadi Espainiako estatuko iparraldeko muga da. Horregatik, gure politiketan eraginkorrak izateko, migrazioa kudeatzeko berezko gaitasunak izan behar ditugu, estrategia egokia garatu ahal izateko. Migrazio eta giza eskubideen estrategia bat, Europa demokratikoarekin bat datorrena”, eskatu du.
Lehendakariaren arabera, “gure gizarteak pertsona migratzaileak behar ditu hazteko eta aurrera egiteko, gure hazkunde ekonomikoa eta ongizate-mailak bermatzeko. Datozen urteetan milaka profesional erakarri beharko dira Euskadira, lan-errelebo eraginkorra bermatzeko. Hala ere, gaur egun planifikaziorik eta aurrea hartzerik ezaren ondoriozko arazoei aurre egiten ari gara. Afrikarekiko krisi humanitarioa eta migrazio-krisia ez da koiunturazko kontua, eta premiazko eta egiturazko erantzuna eman behar zaio, eragin berezia baitu alderdi sozial, kultural eta ekonomikoetan”.
Ildo horretan, nabarmendu du beharrezkoa dela “Migrazio Plan Estrategiko bat egitea, Atzerritartasunari buruzko Legea aldatzea, Euskadik eskumen handiagoak izan ditzan gizarteratzearen eta laneratzearen arloan, atzerritarrei hasierako lan-baimenak emateko eskumena transferitzea, eta jatorrizko herrialdeetan enpresa-, hezkuntza- eta lankidetza-elkarteekin lan egitea, etorkizunean laneratze duina bermatzeko”.
Bestalde, mahai gainean jarri du Inoren Kargura ez dauden Adingabe Atzerritarren arloan “sortzen ari diren desoreken inguruan” duen kezka. “Funtsezkoa da banaketa orekatua, solidarioa eta bidezkoa bermatzea, eta, horrez gain, memoria ekonomiko bat sortzea, horri eusteko; hau da, ahalegin handiena egiten duenari aparteko baliabideak ematea. Informazio- eta koordinazio-kanalak eta protokoloak ezarri behar ditugu fiskaltzarekin, familia-erreferenterik ez duten pertsonen identifikazioa arintzeko eta, horrela, adingabeak diren ala ez jakiteko. Inoren kargura ez dauden adingabe atzerritarren errealitateari aurre egin behar diogu. Eta lehenbailehen egin ere”.
Europar Batasuneko euskararen ofizialtasunari dagokionez, “Pedro Sánchez presidenteak eta biok adostu dugu ezinbestekoa dela ofizialtasunean aurrera egitea. Helburu hori lortzeko, Europako erakundeen aurrean lan diskretu eta jarraituarekin eta bi gobernuen arteko lankidetza irmoarekin jarraitu behar da. Konpromiso hori hartu dugu”.
Halaber, “Gernikako Estatutua betetzeko bidean urratsak ematen” jarraitzen dutela adierazi du Lehendakariak. “Gaurko bileran bi eskumen berri eskualdatzea onartu dugu: Itsasertzaren Antolamendua eta Kudeaketa eta Jarduera Zinematografikoa eta Ikus-entzunezkoa. Eskualdaketa abenduaren 16an gauzatuko da Transferentzien Batzorde Mistoan”. Lehenengoari dagokionez, horrek esan nahi du, hemendik aurrera, Euskadi kudeatzen, ematen eta, hala badagokio, zigortzen hasiko dela, besteak beste, hauexek: zirkulazioko zortasun-eremuetan eta itsasorako sarbideetan urbanizazio-proiektuak, pasealekuak edo bidegorriak egiteko baimenak, edo linea elektrikoak edo komunikazio-lineak, ontziralekuak, pantalanak edo ontzitegi finkoak eraikitzeko emakidak.
“Horri esker, trantsizio energetikorako funtsezko azpiegiturak sustatu ditzakegu, hala nola linea elektrikoak edo haize-sorgailuak, eta arrantza-proiektu berriak ere bai, Getaria parean hegalaburra gizentzeko kaiolak, edo Jaizkibelen Natura Sarea itsasorantz zabaltzea, adibidez. Arinagoak izateko aukera ere emango digu, izapide administratiboak sinplifikatuz eta murriztuz, ez baita beharrezkoa izango Madrildik igarotzea”, zehaztu du Lehendakariak.
Jarduera Zinematografikoaren eta Ikus-entzunezkoaren eskualdatzeari dagokionez, “puzzlearen azken zatitzat jo dezakegu, kulturaren arloan Gernikako Estatutua amaituta dagoela baieztatu ahal izateko”. Eusko Jaurlaritzak kudeatuko ditu, besteak beste, ikus-entzunezkoen euskarazko ekoizpena, banaketa, erakusketa eta sustapena garatzeko edo sustatzeko laguntzak, edo Hizkuntza koofizialetako zinematografia babesteko Funtsa, gure hizkuntzan ikus-entzunezko lanak ekoiztea, banatzea eta erakustea sustatzen duena. “Zinema gorantz doan sektorea da Euskadin, eta gazteek gero eta ikus-entzunezko eduki gehiago kontsumitzen dituzte. Eskumen berri honi esker, zinemaren sektorearen euskal estrategia indartu ahal izango dugu, eta, aldi berean, ikus-entzunezko eduki propioak sortzea bultzatu ahal izango dugu”.
“Azkenik, -amaitu du-, beste bultzada bat eman diogu transferentzia-multzo honi: Meteorologia, Itsas Salbamendua, Atzerritarrei Lan egiteko Baimenak eta Barakaldoko CNVM. Gobernu biak lanean ari gara horiek adosteko eta lehen bloke hau urte amaierarako ixten saiatzeko. Zorrotzak eta autoexijenteak izango gara”.