Iaz erretiroa hartu zuten langile publikoei aitortza egin die Eusko Jaurlaritzak

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak 2023.urtean erretiratutako langile publikoak aitortzeko ekitaldia egin du gaur

2023. urtean erretiroa hartu zuten Administrazio Orokorreko eta bere Erakunde Autonomoetako langile publikoei aitortza egin eta esker ona agertzeko ekitaldi xumea eta hunkigarria egin da gaur eguerdian Lakuako Euskaldun Berria aretoan. Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak antolatuta, ekitaldian hainbat enplegatu publiko ohik hartu dute parte eta eguzkilore bana banatu zaie oroigarri eta aitortza ikur gisa.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak, Maria Ubarretxenak, lehenik eta behin, erretiroa hartutako langileek beren ibilbidean erakutsitako zerbitzurako bokazioa, dedikazioa eta konpromisoa eskertu ditu. «Pertsonen zerbitzura dauden pertsonak, hori da gure administrazioaren aberastasun handiena; kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko konpromisoaren adibide zarete, eta zuen esperientzia eta ezagutza da uzten diguzuen legatua, babestu eta sustatu behar dugun ondarea», ziurtatu du sailburuak.