Beldurra nabari zaie eskubi aldeko alderdi politikoei. Hainbeste matraka Sanchezi hauteskundeak dei ditzala exijitzen eta orain, hilabete eskas falta denean hautestontzietan gure bozka jartzeko, emaitzak eurak nahiko lituzketenak ez direla izango antzematen dute.
Benda zauria egin baino lehen jarri nahian, Riverak gobernu akordio bat eskaini zion Casadori eta honek, trukean, Kanpo Gaietarako ministerioa eskaini zion; Ciudadanosekoak, ironiari jarraituz, Unibertsitateen Ministerioa hobeto egokituko zitzaiola erantzun zion curriculumean Zuzenbide Autonomiko eta Lokaleko master zalantzagarria duen PPko buruari.
Erdi txantxetan, erdi serioan, ministerioen banaketa egiten hasi dira herritarren iritzia entzun aurretik. Gezurra dirudi duela hiru urte bai batak eta bai besteak Podemosek PSOEri antzeko eskaintza egin zionean esan zituztenak esanda orain beraiek aldarte berdintsuan ikustea. Gizarteak dituen arazoekin eta egungo egoera politiko nahasian behar duen egonkortasunarekin, ez da serioa horrelako azpijokoetan aritzea.
Dena dela, alde nabaria dago egoera bien artean. Podemosen kasuan harrokeria izan zen nagusi, uste zutelako Sanchezek euren babesa jasotzea beste aukerarik ez zuela. Telebistan entzun diogu asteon Pablo Iglesiasi: “Sanchezekin dudan harremanaren gakoa bakoitzak duen indarraren araberakoa da”. Orduan, bere indarrak gaizki neurtu zituen Podemosekoak.
PP eta Ciudadanosen arteko gorteatzea, aldiz, beldurrak eraginda sortu da. Casadok badaki milaka eta milaka botok ihes egingo diotela; PPk eta Ciudadanosek badakite Senatuan orain duten eragina erabat galduko dutela: eurek osatuko ez duten Gobernuari ahalik eta traba gehien jartzeko, Goi Ganbera euren beharrizanetarako lotsa gabe erabiltzeko eta, jakina, Katalunian 155. artikulua euren nahiaren arabera aplikatzeko.
Senaturako hautagaien aukeraketa prozesuak asko zigortzen ditu alderdi txikiak eta eskubiaren zatiketak kalte gehigarria egingo dio PPri, euren eskubitik Ciudadanos jaio zelako eta are eskubirago espageti westerneko pistoleroaren banda. ‘Ona, itsusia eta gaiztoa’ filmean bezala, elkarri begirada mehatxugarriak botatzen aritu dira azken dueluan, baina egiaren ordua heldu ahala elkar gorteatzen hasi dira tiroketan hirurak galtzaile aterako direla ikusita.
Gu, aldiz, gurera; begietara begiratuz, Gasteizen, Madrilen zein Bruselan gauza bera esaten dugulako. Euskadi eta euskaldunon interesak defendatzera, eskubitik zein ezkerretik datozen erasoei aurre egiten.