Urte bat bete da Estatuko politika gaur bizitzen ari den egoera nahasiaren zurrunbiloa sortu zela. Alderdi Popularra eta ustelkeriaren inguruan hitz egiten genuenean gaia “amortizatutzat” ematen genuen arren, Gürtel auziko lehen sententzia atera zen eta Pedro Sanchezen Alderdi Sozialistak itxaropen handirik gabeko zentsura mozioa aurkeztu… eta irabazi egin zuen. Iazko ekainaren 1ean izan zen eta, horren eraginez, izugarri aldatu da mapa elektorala. Izugarri.
Azken asteotan izan ditugun bi hauteskundeen ondoren, gaur da eguna Alderdi Popularrak oso leku gutxitan lortu duela aurreneko indarra izatea. Horren errudun bakarra ez da izan Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioa, berau akuilua izan zen ‘eskubiaren’ zatiketa gauzatzeko eta Ciudadanos alderdiaren eskuineratzea areagotzeko.
Aurreko igandeko hautestontzi festari dagokionez, ahaldun gisa egoteko aukera izan nuen mahai batean. Europako Parlamentua, Batzar Nagusiak eta, niretzat kuttunenak, Udalbatzak aukeratzeko hauteskundeak ziren eta segituan ikusi zen partaidetza ez zela apirilaren 28koaren tamainakoa izango; aurreko Udal hauteskundeetan izan zituen kopuruetatik gertuago ibiliko zela. Apunte moduan, bi kexa jaso nituen eta horrela jakinarazi nizkion nere Mahaiko buruari: Europako boto-paperak aukeratzerakoan ez zegoela behar adina diskreziorik, eta hiru hautestontzietan bozkatzen ez zuena “apuntatuta” geratzen zela zeinetan ez zuen bozka sartu.
Emaitzak eta horien irakurketen inguruan, esan beharrik ez dago Euskadin seguruenik indar politiko guztiek izan dutela zerbait ospatzeko -Alderdi Popularrak eta Podemosek izan ezik- baina baita hausnartzeko ere: gazi-gozoak. Iruditzen zait, adibidez, Arnaldo Otegik gehiegi ospatu zituela bere alderdiaren emaitzak, kontuan izanik, hauteskunde aurretik esan zutenaren arabera, beraien helburua Gipuzkoa eta Arabako Batzar Nagusietan irabaztea eta orain dela lau urte galdutako Udaleak berreskuratzea zela. Bai, baina ez.
Urte bat bete da zentsura moziotik eta Estatuko politikaren mapa kolorez aldatu da; kolore desberdinak eta anitzak. Euskadin beste kolore batzuk dira nagusi, gure paisaje ederrarekin bat datozenak eta baita gure herrikideen pentsakera pluralarekin ere.