Halloween ez da gure herriko jatorrizko ohitura baina, azken urteotan modan jartzen ari denez, estatubatuarrek erabiltzen duten ‘trukoa ala tratua’ esaldia erabiliko dut nik ere Franco hobitik ateratzeko gauzatu den prozesuaz aritzeko.
Trukoa nabarmenegia izan da. Guztiok ados gaude Alderdi Sozialistak ekintza honen erabilera elektorala egin nahi izan duela, ezin da ulertu bestela hauteskunde atarian nahitaez egin behar izana. Epaileen oportunismoak horretarako aukera eman diote Sanchezi eta aprobetxatu nahi izan du… baina oso gaizki egin du. Azkenean, biktimen gorazarrerako izan behar zena Francoren gorespenerako izan da.
Ekitaldi diskretua izan behar zuela esan zuten arren 17 herrialdetako 500 kazetari izan ziren inguruan albistea jarraitzen. Tira, agian erakutsi beharreko ekintza zen; aukera aproposa munduari erakusteko Estatuko historiaren orrialde lotsagarri bati amaiera ematen zitzaiola. Baina munduak ikusi duena, denok ikusi duguna, diktadorearen gehiegikeriek aberats egin zuten familiartekoek sorbalda gainean atera dutela hilkutxa, Memoria Historikoaren Legearen kontra egiten duten ikurrak eta Francoren aldeko oihuak… Dena telebistaz eta zuzenean. Penagarria.
Alderdi politikoen erreakzioei dagokienez, batzuk harrigarriak egin zaizkit nahiz eta egileengandik asko gehiago espero ez: “Badago zer egin hoberik”, esan du PPko Alvarez de Toledok; “Francoren hilotzarekin zer egin berdin dit», jarraitu du Ciudadanoseko Riverak. Ez, ez da berdin. Nola izango da, bada, berdin hainbeste hildako eragin zuen gerra eta diktadura odoltsu baten arduradun nagusia bere gorazarrerako egindako monumentu erraldoian jarraitzea?
Tratua ona izan da. Zalantzarik gabe, albiste ona da 44 urte berandu etorri arren, horietako asko PSOE Gobernuan izan dela. Ona da Estatu espainiarra lotsagarri uzten zuen irregulartasun demokratikoetako bati amaiera ematen diolako. Horietako bati diot, oraindik asko geratzen direlako konpontzeko. Eroritakoen Haranaren gaira mugatuz, ez dugu ahaztu behar 1.231 euskal herritar bertan hilobiratuta jarraitzen dutela; ez dugu ahaztu behar monumentuak alde bakarrekoen ekintzak azpimarratzeko bakarrik erabili dela eta behar-beharrezkoa dela honi esanahi berria ematea, heziketarako erabiliz: historia irakasteko eta hainbeste sufritu dutenentzako memoria, oroitzapena eta justizia jasotzeko. Hainbeste lan dago egiteko…