Lorategi Botanikoak bere 20. urteurrena ospatzen jarraituko du ur-, argi- eta soinu-festa batekin, bere naturari balioa emateko

Barakaldoko lorategi botanikoaren 20. urteurrena da aurten eta ospatzen jarraitzeko, argi- eta soinu-festa bat egingo da datorren asteburuan. Barakaldoko Taupadak hiriko bihotz berdeetan sortzen den bizitza nabarmendu nahi du, baita Lorategi Botanikoaren inguruko elementu naturalekiko (ura, zuhaitzak) errespetuaz sentsibilizatu ere, gutxienez beste hogei urtez bizirik jarrai dezan. Ekimena uztailaren 1ean eta 3an egingo da, 22:30etik 01:00etara. Argi-proiekzioak egingo dira lorategian zehar, hala nola urmaelean. Bertan, ordu erdiro proiekzioak egingo dira, iturria berreskuratu ostean.
TAUPADAK

Barakaldoko Taupadak argiz beteko du lorategi botanikoa, proiekzioak egingo dira zuhaitzetan, urmaelean…. 60.000 metro koadroko espazioa gauez bizitzeko aukera paregabea izango da, eta soinuek eta koloreek garrantzia emango diote lorategiko urari eta landarediari, emozioak erdigunean kokatuta.

Bisitariek, lorategian zehar egingo duten ibilbidean, hainbat espazio eta ekintza aurkituko dituzte: girlandak, landarediaren gaineko eta bidearen gaineko askotariko argiztapen-giroak; liana argitsuak; ispilu-baso bat; laser korridore bat; zuhaitzen arteko elkarrizketak eta lorategiaren erdian dagoen bihotz handi bat. Lorategiaren taupada parke osoan dago, eta atzealde ezin hobea izango da selfiak egin eta sare sozialetara igo ahal izateko.

URMAELEKO IKUSKISUN PAREGABEA
Urmaela da lorategi botanikoko sinboloetako bat eta kasu honetan, ekintzako protagonistetako bat izango da. Ordu erdiro, 22:30etik, lorategi botanikora sartzen diren pertsonak Barakaldorentzako beren-beregi diseinatutako ikuskizunaz gozatu ahal izango dute, irudiekin, argiztapenarekin eta soinuarekin lotutako punta-puntako teknologiarekin, lorategi botanikoaren urmaelak eskaintzen duen inguru paregabean. Ureko bideo-proiekzioak bost minutu inguru iraungo du eta horren bidez, argiak, urak eta musikak bat egingo dute. Lorategian doan sartu ahal izango da, eta ibilbidea ere doakoa izango da.

Pasa den 2020ko abenduan, Lorategi botanikoan Barakaldo Taupadak ekimenaren antzeko ikuskizun bat egin zen: Desioen Lorategia. «Kasu horretan edukiera murrizketak zeuden. Hori dela eta, jarduera hau orain egin nahi izan dugu, askoz jende gehiagok gozatu ahal izateko»·adierazi du Nerea Canterok, Kultura Hezkuntza, Euskara eta Gazte zinegotziak.

«Lorategi botanikoa Angel de Diego Rica arkitektoak diseinatu zuen eta 2002an inauguratu zen. Ordutik aurrera museo bizi bihurtu da, eta bertan landaredia arte bilakatzen da. Festa horren bidez lorategiko naturari balioa eman nahi diogu eta jendea sentsibilizatu nahi dugu gure planeta zaintzearen garrantziaz, gure zuhaitzak errespetatzeaz eta, laburbilduz, gure ingurunea zaintzeaz eta errespetatzeaz. Lorategi botanikoa San Bizenteko bihotz berdea da, Barakaldoko garrantzitsuenetarikoa. Bere hogeigarren urteurrena ospatu nahi du eta batez ere, beste hogei urtez errespetatzea eta zaintzea lortu nahi dugu» adierazi du amaitzeko.

Jardin Botánico iluminado