Josu Erkorekak Rotterdamgo «Worl Police & Fire Games» jokoetan Ertzaintza ordezkatuko duten 10 agenteen ahalegin pertsonala eskertu du

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko Sailburuak, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak eta Josu Bujanda Ertzaintzaren zuzendariak hartu dute uztailaren 22tik 31ra bitartean Rotterdamen egingo diren Worl Police & Fire Games jokoetan parte hartuko duten 11 ertzainen taldea. Ertzaintzaren Iurretako basean egin den harrera-ekitaldian Miren Goitia Segurtasun Saileko Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordea eta Izaskun Urien Giza Baliabideen zuzendaria ere izan dira.

Azken bi urte hauetan kirol anitzeko norgehiagoka bertan behera utzita egonda pandemiaren ondorioz, baina aurten, 2022an, berriz antolatu da Rotterdam hirian, eta 70 herrialdek baino gehiagok parte hartuko dute. Azken edizioa 2019an egin zen Chengdu hirian (Txinan). 10.000 mila pertsona inguruk parte hartzen dute, hamarnaka herrialdetako suteak itzaltzeko eta segurtasuneko kidegoetatik etorriak.

Ertzaintzako taldea

Aurtengo Ertzaintzako taldea 2 emakumek eta 8 gizonek osatzen dute, eta atletismoko, arte martzialetako (taekwondo eta jiu jitsu modalitateetan), igeriketako, arrauneko, kroseko eta powerlifting diziplinako probetan lehiatuko dira. Ertzaintzako taldea osatzen duten kide guztiak federatuta daude eta esperientzia luzea dute euren espezialitateetan. Lehiatzeko Eusko Jaurlaritzak emandako ekipamendua erabiliko dute, eta bertan “Ertzaintza” eta “Euskadi-Basque Country” irakurri ahal izango dira.

Ertzaintzak esperientzia handia du era honetako nazioarteko kirol-norgehiagoketetan. Zehazki, 1997an hasi zen polizien eta su-itzalketako taldeen munduko joko hauetan parte hartzen, eta Ertzaintzako taldeak, guztira, 253 domina lortu ditu orain arte.

Esker ona eta aitorpena

Harrera-ekitaldian Josu Erkorekak eskerrak eman dizkie Euskadiren eta Ertzaintzaren irudia eta balioak nazioartean hedatzeko egiten duten ahalegin pertsonalarengatik; izan ere, Rotterdamen izango diren 10 agenteak borondatez eta euren denbora librean joango dira. Era berean, aitortu du Ertzaintzako gainerako agenteek kirola sarri egiteko pizgarria ere badirela eta, horrekin, agenteen gaikuntza, sasoia eta osasuna hobetzen direla.

Alde horretatik, azpimarratu du ertzainek nazioarteko lehiaketetan parte hartzea kirol-erronka ez ezik, Ertzaintzako kide izatearen sentimendua indartzeko aukera ere badela, bai eta beste kultura eta erkidego batzuekin adiskidetasun-harremanak ezartzeko eta esperientziak partekatzeko aukera ere, eta, era horretara, Ertzaintzaren irudi ona zabaltzen eta sustatzen da jardunbide profesionalaren alderdi guztietan.

20.000 euroko laguntzak

Eusko Jaurlaritzak 20.000 eurora arteko laguntza onartu du aurtengo urterako joko horietan parte hartuko duten ertzainen gastuen zati bat ordaintzen laguntzeko.