Barakaldok bat egin du Parke eta Lorategien Espainiako Elkartearekin eta Europako Batzordeak sustatzen duen Hiri Berderako Akordioarekin

Udalbatza Osoak gaur arratsaldean Barakaldoko Udala Parke eta Lorategi Publikoen Espainiako Elkartera (PLPEE) eta Europako Batzordeak sustatzen duen Hiri Berderako Akordiora (Green City Acoord) atxikitzea onetsiko du. Bi ekimenak Garapen Jasangarri eta Ingurune Natural Arloko Zinegotzigoak bultzatu ditu, eta Alba Delgado da bere buru.

«2019ko irailean Barakaldon Klima Larrialdiaren Adierazpenari buruzko mozioa onetsi zenetik, gure ingurumena eta biodibertsitatea babestu eta kontsumo- eta erabilera-moduak aldatze aldera pausoak emateko apustu aktibo eta ausarta egiten ari gara, daukaguna kontserbatu eta galdutakoa berroneratu behar izateari buruzko pedagogia gauzatzeaz gain», gogorarazi du Delgadok.

Alba Delgadok azaldutakoaren arabera, Hiri Berderako Akordiora atxikitzeari esker, Barakaldok «aintzatespen publikoa edo finantzaketa lortzeko aukerak izango ditu, eta, funtsezkoa dena, konpromiso honek ematen duen sinesgarritasuna eskuratuko du, gardentasunaz baliatuta eta Europan kontu emanda».

«Gainera, lankidetza-sareetan parte hartzen hasiko gara, gure gaitasunak garatzeko, orientabidea eta babesa jasotzeko eta, bide batez, gure udalerria Bizkaian ingurumen-erreferentzia bihurtzeko. Hori guztia 2002. urtean hasitakoaren ildotik egingo da. Orduan, Udalbatza Osoak bere egin zuen jasangarritasunaren kontzeptua, Aalborgeko Gutuna onetsi zuenean», kontatu du Garapen Jasangarri eta Ingurune Natural Arloko zinegotziak.

Bestalde, Parke eta Lorategi Publikoen Espainiako Elkartera (PLPEE) atxikitzea beste urrats bat da udalerriko hiriko zuhaitzak eta zuhaitz bereziak babesteko ordenantzak indarrean sartu baino lehen behar den azpiegitura izateko.

Arauek lantzen dituzten gaien artean, besteak beste, Udalak Granadako Araua onestea dago. Parke eta Lorategi Publikoen Espainiako Elkarteak idatzi du, hiriko zuhaitzak baloratzeko metodo gisa.

Hala, erakundera atxikita, «tresna bat eskuratu nahi da Barakaldoko zuhaitzak baloratzeko, behar izanez gero, udalerriko Azpiegitura Berdeen Bulegoak laguntza eta aholkularitza teknikoa izateaz gain», azaldu du Delgadok.

Parke eta Lorategi Publikoen Espainiako Elkarteak hurrengo urtean mende erdia beteko du hiriko azpiegitura berdeen inguruan erreferentzia izaten.