Ana Maholela doktorea, Maputoko Ospitale Nagusiko (Mozambike) Barne Medikuntzako espezialista, hiru hilabetez egon da Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean (maiatzetik uztailera), Gaixotasun Autoimmuneen Unitatean prestakuntza-egonaldi bat egiten. Guillermo Ruiz Irastorza doktoreak gidatutako taldearen laguntzarekin, Maholela doktoreak beste asistentzia-errealitate bat ezagutu ahal izan du, eta gure klinikoak ere hark oso baliabide gutxirekin erronkei aurre egiteko duen esperientziarekin aberastu ahal izan dira.
Maholela doktoreak MAEC-AECID 2021-2022 beketako bat lortu du eta horregatik egin ahal izan du egonaldia. Beka horiek Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziak (AECID) ematen dizkie Afrikako profesionalei Espainiako erakundeetan prestakuntza-egonaldiak egiteko. Mediku espezialistak prestatzen laguntzeko programa bat jarri du abian AECIDek 2015etik, hainbat herrialde kidetan: Bolivia, Mauritania, Niger, Mali, Etiopia eta Mozambike. Laster, Paraguain hasiko dira. Helburua da bakoitzaren herrialdeko prestakuntza-prozesuari laguntzea, bai mediku egoiliarren mailan, bai dagoeneko espezialistak direnen mailan, eta, horretarako, herrialde horietako profesionalak gure osasun-sistema nazionaleko profesionalekin harremanetan jartzea.
Juan Carlos Rumbero doktorea Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko zirujau torazikoa da, eta aspalditik parte hartzen du lankidetza-proiektuetan. Gaur egun, AECIDekin elkarlanean ari da, eta rol garrantzitsu bat jokatu du Maholela doktorea hona etorri ahal izateko. Hark azaldu digunez: «Prestakuntza mediko espezializatuari laguntzeko AECID Programaren esparruan, Espainiako Osasun Sistemako profesionalak prestakuntza-bisitak egiten ari dira herrialde horietara, eta hango profesionalak gure ospitaleetara etortzen ari dira zenbait gaitasun osatzeko. Horixe da Maholela doktorearen kasua: hiru hilabetez egon da gure ospitaleko Gaixotasun Autoimmuneen Unitatean, eta esperientzia horrek Mozambikeko bere ospitalean gaixotasun horiek tratatzeko praktika klinikoa hobetzen lagunduko dio.
Horretarako, AECIDek mota horretako prestakuntza-egonaldietarako eskaintzen duen ikasketa-beka bat jaso du, eta, laguntza ekonomikoaz gain, bisa eta Espainiako Osasun Ministerioaren baimena emateko ere garrantzitsua izan da. Beka hau emateko eta Ministerioak onartzeko, ezinbestekoa da Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak aldez aurretik onartzea, eta Ruiz Irastorza Gaixotasun Autoimmuneen Unitateko arduradunaren eta Ospitaleko Zuzendaritzaren, Medikuntza Irakaskuntzako eta Etengabeko Prestakuntzako zuzendariaren laguntza ere funtsezkoak izan dira proiektu hau aurrera atera ahal izateko.
Profesionalen eta antzeko erakundeen artean esperientziak eta ezagutzak trukatzeko lankidetza-eredu hori benetan aberasgarria da alde guztientzat, eta, nire ustez, gaur egun horixe da ezarri behar dugun paradigma. Bakoitzak, bere errealitatetik abiatuta, irakaskuntzak eta ezagutzak eskaintzen ditu.
Bestalde, Gurutzetako Ospitaleko profesionalek eta Zuzendaritzak berak horrelako ekimenekiko erakutsi duten sentsibilitatea nabarmendu nahi nuke».
Egonaldiak bi aldeetan sortu dituen sentsazioak sakonago ezagutzeko, Maholela doktoreak eta Guillermo Ruiz Irastorza doktoreak gure galderei erantzun diete:
– EEG ESIa: Gure ospitalean izandako esperientziaren zer alderdi nabarmenduko zenituzke?
– Maholela doktorea: Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiet eskaini didaten aukera honengatik, batez ere Ruiz Irastorza doktoreari eta bere taldeari, baita Ospitaleko Zuzendaritzari eta Etengabeko Prestakuntzari eta Irakaskuntza Medikoari ere. Eta, jakina, Espainiako lankidetzari ere bai, mediku espezialisten prestakuntzan laguntzeko duen programari esker, ikasketa-beka bat eman baitzidan, eta Rumbero doktoreari, Ospitalearekiko harremana eta izapideak erraztu baitzizkidan. Badakit ez dela erraza nire inguruko norbait etortzea, baina hasiera-hasieratik oso ondo hartu naute eta ahalegin handia egin dute amets hori egia bihur zedin.
Badakit ez dela ohikoa ni bezalako mediku bat horrelako prestakuntza-esperientziak egitera etortzea. Izan ere, Gurutzetako Ospitaletik igaro den lehen mediku mozambiketarra izan naizela uste dut, eta nolabaiteko beldurra eta antsietate handia sentitu ditut. Igaro ditudan zailtasun burokratikoekin batera, beldurrez beterik eta erabateko alerta-egoeran iritsi nintzen lehen egunean, baina, hartu ninduen ospitaleko gaixotasun autoimmuneen taldea ezagutu bezain laster, hori guztia desagertu egin zen. Pertsona maitekorrak, adeitsuak eta atseginak dira, eta beren ezagutzak eta maitasuna partekatzeko borondatea dute.
Esperientzia hau oso atsegina izan da eta asko ikasi dut. Pazienteak tratatzeari dagokionez, ezberdintasun nabarmenak daude, ez soilik kulturalak. Gabezien errealitate batean bizitzeak egokitzen eta dagoenarekin lan egiten irakasten digu. Lehen egunetan ez nintzen hain internista sentitzen, oraindik ez bainituen ezagutzen liburuetan eta artikuluetan irakurtzen nituen baina erabiltzeko aukerarik izan ez nuen botikak eta probak. Baina izan nuen harrera eta laguntza paregabeei esker, berehala sentitu naiz taldekide, eta ez dut nabaritu desberdintasunik haien eta nire artean. Zoragarria izan da medikuntza bere osotasunean esploratzen ikastea, baina elkarrizketa askorekin, maitasunez eta staffaren pazientzia nahikoarekin, ez nirekin bakarrik, baita pazienteekin ere. Beste ikuspegi bat, beste errealitate bat, egiaz.
– EEG ESIa: Zalantzarik gabe, orain inguruko pertsonen diagnostikoa eta tratamendua hobetzeko erronkari ekingo diozu.
– Maholela doktorea: Erronka handia litzateke ezagutza horiek nire errealitatera egokitzea. Gure taldeak esperientzia gutxi izan arren eta baliabiderik gabe lan egin arren, Unitatean protokolo txiki bat egiten lagundu didate, haien errealitatea nireari egokitzeko, eta nire ospitalera itzultzen naizenean martxan jartzeko asmoa dut.
Gurutzetako Ospitaletik asko ikasita atera naiz eta konfiantza handiagoarekin sentitzen naiz, gaixotasun autoimmuneak diagnostikatzeko eta tratatzeko prestatuago. Nire herrialdean gutxi esploratutako arlo bat denez, beldur nintzen, eta haiek haren edertasuna modu sinple eta praktiko batean erakutsi didate. Zalantzarik gabe, nire praktika klinikoko esperientziarik aberasgarri eta politenetako bat izan da.
Benetan eskertzen dut jasotako guztia, eta konprometituta nago nire herrialdeko gaixotasun autoimmuneak egoki kudeatzearekin, ez ikuspegi zientifikotik erakartzen nauelako bakarrik. Mozambikek 30 milioi biztanle inguru ditu, gaixotasun horietan trebatutako mediku bat baino ez du, eta onura atera dezakeen biztanle asko daude, oraindik datu seriorik ez dugun arren.
– EEG ESIa: Nolakoa izan da esperientzia?
– Ruiz Irastorza doktorea: Mozambike herrialde urrun eta ezberdin bat da, eta halako herrialde bateko mediku bat hartzen dugun lehen aldia da. Aurretik izan ditugu atzerriko txandakako profesionalak, hain zuzen ere, Portugalekoak, Italiakoak, eta Latinoamerikakoak (Brasilgoak, Uruguaikoak eta Argentinakoak). Argentinako Erreumatologia Elkartearen beka bat jasotzen duen egoiliar bat dugu gurean urtero. Hiru hilabete ematen ditu hemen gurekin. Herrialde bakoitzaren berezitasunekin eta desberdintasunekin, denek dute Espainiaren antz handiagoa Mozambikek baino. Hala eta guztiz ere, Anak berehala egin du bat, eta hari esker konturatu gara munduari buruz dugun hain ikuspegi eurozentrista, jakina, okerrekoa dela. Mozambikek lehen mailako arretako zentroen eta ospitale publikoen sare bat duela jakin dugu. Gure osasun-sistemak baino muga handiagoak ditu, baina, bere aukeren barruan, bere herrialdeko biztanleak modu unibertsalean artatzeko gai da. Jakina, teknologia eta sendagaiak ez daude hain eskuragarri, baina, horren ordez, neurri batean, osasun-langileen dedikazioa eta prestakuntza daude. Nabarmendu behar da, hain zuzen ere diagnostiko-metodoak gehiegi erabiltzen direla eta, ondorioz, trebetasun klinikoak galtzen ari direla gure ingurunean, egonaldiaren hasieratik jada. Ona da gogoraraztea.
– EEG ESIa: Hain kontsulta espezializatua egiteko ere aberasgarria al da?
– Ruiz Irastorza doktorea: Gaixotasun autoimmuneen gure eremu espezifikoari dagokionez, Anak saio zoragarri bat eskaini zigun. Bere herrialdean ikusten dituzten paziente motak, dituzten diagnostiko-tresnak eta tratamendua erakutsi zizkigun, eta kontatu zigun gure Unitatean ikasitakoa Mozambikeko bere praktika klinikoan zer-nola egokitu nahi duen.
Azken batean, uste dut irakatsi egin dugula, baina, era berean, asko ikasi dugu oso gutxi genekien errealitate batetik, eta giza harremanetan, eskura ditugun baliabideak ondo aprobetxatzean eta umore-sen itzelean oinarritutako bizitza ikusteko modu batetik. Gogotik egin dugu barre. Esperientzia hau ezin hobea eta oso aberasgarria izan da Unitateko kide guztientzat.
– EEG ESIa: Biei: Etorkizunean ere harreman horri eutsiko diozue?
– Maholela doktorea: Gaixotasun autoimmuneen taldeak asko entzungo du nitaz. Atea zabalik utzi zidaten eta nire pazienteen zalantzak partekatu eta guk ditugun kasu interesgarriak eztabaidatu ahal izateko borondate erakutsi zidaten. Eta prestasun eta entrega hori eskertzekoa da. Badakit erronka handia dela aurrean daukadana, baina badakit, halaber, ez nagoela bakarrik, GUOko gaixotasun autoimmuneen taldea daukadala, eta horrek konfiantza handia ematen dit aurrera egiteko.
Teknologiari esker, gaur egun, hain urruti egonda ere gertu egon gaitezke; beraz, harremanetan egongo gara, tutore batez gain lagun bat ere aurkitu bainuen. Eta bi lagun ez dira bata bestearengandik aldentzen.
Espero dut beste behin Gurutzetako Ospitalera itzuli ahal izatea eta haiek ere Mozambikera etorri ahal izatea.
– Ruiz Irastorza doktorea: Jakina, ate hau irekita eduki behar da. COVIDaren hondamendiaren abantaila (gutxietako) bat harreman birtualen normalizazioa izan da, eta horrek asko lagunduko digu konektatuta egoten. Online plataformen bidez saio-programaren bat ezartzeko asmoa dugu, eta Anaren eta bere taldearen esanetara gaude kasu konplexu oro komentatzeko. Baina kontaktu zuzena nahiago dugunez, berriz izan nahiko genuke gurean Ana, Maputoko Ospitale Nagusian gaixotasun autoimmuneen arloan zer antolatzeko gai izan den zuzenean erakuts diezagun. Asko izango da, seguru.